LIZAR BEGOÑA
- SORKUNTZA
- 07/04/22
LIZAR BEGOÑA
Lizar Begoña Madariaga (Sopela, 1996) bizkaitar poeta da. Aro beilegia izeneko poesia-liburua argitaratu du, 2020an Donostia Kultura III. Poesia Lehiaketa irabazi zuena.
Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederrak ikasi ondoren, Arte eta Sorkuntzari buruzko master bat egin du. BilbaoArten lan egin du, beka-programaren bidez.
Handia
Handia da,
besoekin ingura nazake.
Ni txikia naiz,
baina eskutik helduta joan gintezke,
edo ipurditik helduta,
eta batera,
eta korrikan irten gintezke zulo beretik,
eta bere ohean sar ninteke,
eta hasperenak intentzioz probokatu,
eta hitzik,
eta argirik gabe esan niezaioke
tamainarik gabeko emakume handia dela,
eta, nahi badu,
besoekin ingura nazakeela.
Hogeita batgarren honetan
Hogeita batgarren honetan
ikuseremu periferiko morbosoan
pseudoa egozten zaio
ukimenaren katedral honi.
Nolaegitendenezdakit baina zukzeukegin
edo ‘ponme la mano aquí Macorina’ bezalakoen
ondoriozko laztan antartiko baldarra izan.
Ni larba hori naiz erupzio geldo betean eta
hemen sartuta arnasa bestelakoa da,
tren publikoak ere ez dira berdin hartzen,
brokolia ez da berdin frijitzen
eta tangentean istripuz itsatsitako alga bat dirudit.
Nire aurretik dabilen dinosauro modernoak
erabakitzen jakin gabe aukeratzen ditu Letra Larriak,
–keria atzizkidun maitasunak praktikatuz
ni naiz sentitzen duenaren buztana.
Batzuetan izu globoa puzten dit diafragman
nola artikulatu ez ulertzeak,
isilaren maskortasunak,
intentzioen gorputz faltak, baina
emozioa ere aurkitu diot erresuma arrotz honi; ze, polita da harea mugikorren gaineko basilika
edo ordenamendu katolikoaren gaineko txortaldia
moldea ez ezagutzearen perspektiba.
Hogeita batgarren honetan
eraikin historiko ederrenean
brokolia ezberdin frijitzen duen
Antartikako larba baldar beldurtia
eta ‘mundu mailako gerra intimo’ bateko
sitsa naiz.
Uki nazazu jakin gabe
uki nazazu jakin gabe (I) zer
(II) nola
(III) noiz edo
(IV) zergatik
(III) edo noiz
(II) nola
(I) zer egin jakin gabe uki nazazu.
Arratoien migrazioa
Arratoiak bezala ekarri naute migratzera.
Hemen arratsaldea, eta hemen gaua,
beste bat dira.
Han gure maitasuna ulertezina zen;
gure sexuari, gure ukimenari
‘laztankeria’ esaten zioten.
Han nire haginak irensten nituen nahi gabe,
eta kalabazak, eta loreak,
eta euren zurtoinak.
Hona alderantziz ihes egin nuen zugandik, minez goraino baina konfetiz beteta, bollera izenez,
nez,
inertziaz etorri den arratoi immigrantea izateraino.