ZG PRO espazio bat da, ikus-entzunezko LGTBIQ+ ekoizpenari lotutako zinema-industriara eta berrikuntzara, ikerketara eta prestakuntzara bideratutakoa. Gune hau funtsezkoa da sexu-, identitate- eta genero-dibertsitatearekin lotutako zinema garatzeko lanean diharduten eragileak eta espazioak ikusarazteko eta haiek elkarren artean konektatzeko, espazio profesionalak eta prestakuntza-espazioak lotuz. Asmoa da horrekin guztiarekin LGTBIQ+ zinema-proiektuen sorrera sustatzea tokian-tokian, estatuan eta nazioartean.

Ezinbestekoa da proiektu horiek sortzea ekoizteko modua aldatuz, eta, horretarako, ekoizteko ohiko moduaz bestelako ikusmoldeak ikertzea, dibertsitatearekiko errespetuz eta errespetu horretatik bertatik eta intersekzionalitatetik lan egiten dutenak, hain zuzen.

Bi ildo nagusi jorratzen dira:

ZG PRO LAB. Garatzen ari diren ikus-entzunezko LGTBIQ+ proiektuak aurkezteko networkinga. Lehiaketan egiten dira aurkezpenak, pitching formatuan, kulturaren eta zinemagintzaren sektoreko tokiko, estatuko eta nazioarteko eragileen aurrean.

ZG PRO MASTERCLASSES. Hitzaldiak eta mahai-inguruak sektoreko profesionalekin. Zinemagintzaren eta kulturaren industria jorratzen da, eta hartaz hausnartzen, bai maila kontzeptualean, bai kasu praktikoen bitartez.

ZG PROk Europako Hegoaldeko LGTBIQ+ Jaialdien Sarearen babesa du (Queer Lisboa eta Queer Porto, Mix Milano, Parisko Chéries-Chéris, Thessaloniki International GLAD Film Festival eta Zinegoak jaialdiek osatua), baita Estatuko LGTBIQ+ Laborategien Sarearena ere (FIRE!! Bartzelonako LGTBI Zinemaren Erakusketa eta Fundación Triánguloren laborategiak: Queercinemad, Cinhomo, Fancinegayqueer, Andalesgai eta Zinegoak). Azken horiek, hirugarren urtez jarraian, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiarekin elkarlanean, ZG PRO Industry SSIFF Saria ematen dute. Gainera, aurten berritasun gisa, Triodos Banken babesa izango dugu, 3.000 €-ko diru-zuzkidura duen ZG PRO Laborategia Saria babestuz eta Neuradsun ekoiztetxearen filial batek ematen duen sari bat, aholkularitzako zazpi saio pertsonalizatuko prozesu batean datzana.

ZG PROko jarduera guztiak zabalik daude herritarrentzat eta, bereziki, sektoreko profesionalentzat eta LGTBIQ+ kulturara begira dagoen zinemagintza-industriaren alorrean prestakuntza nahi duten ikasleentzat edo bestelako pertsonentzat.