
Zero Chou, Keelung-en (Taiwan) jaioa, Filosofian graduatu zen Chengchiko Unibertsitatean, eta ibilbide polifazetikoa egin du, besteak beste, kazetaritzan eta ikus-entzunezkoen zuzendaritzan. Laurogeita hamarreko hamarkada erditik, gerora bere lanen erdigunea bilakatu diren gaiak jorratzen ditu bere film laburretan: identitatea, maitasuna, justizia soziala eta queer eskubideak.
Chouren zinemaren bereizgarria da gai dela ezarritako moldeak eta generoak hausteko, istorio errealista eta intimoak drama historikoekin, thrillerrekin eta melodramekin bateratuz, eta beti estetika bizi eta zaindua mantenduta. Bistarako liluragarria izateaz gain, haren lanak konpromiso sakona du queer esperientziak irudikatzearekin, gai horiek oraindik ere erresistentziari eta kontserbadurismoari aurre egin behar baitiote.
Tongzhi trilogia –Splendid Float (2004), Golden Horse sarietan film taiwandarrik onenaren saria irabazi zuena; Spider Lilies (2007), Berlingo Teddy saria jaso zuen; eta Drifting Flowers (2008), Lesbianismo eta Generoaren Saria Zinegoak 2009an– ezinbestekoa izan da Asiako LGTBIQ+ istorioei ikusgaitasuna emateko. Film horiek maitasun-harremanak eta identitateak jorratzen dituzte, baita borroka sozialak ere, eta mugez gaindiko irudikapen- eta enpatia-gune bat sortzen dute. Horiek guztiak ikusgai izango ditugu zuzendariari dedikatutako zikloan, Bilbon.
Chou, gainera, telebistan ere aritu da lanean, esaterako, Gloomy Salad Days eta Because of You telesailetan, baita nazioarteko zenbait proiektutan ere, besteak beste, Project Rainbow in Six Asian Cities delakoan, non queer esperientziak ikusleria zabalari hurbiltzen jarraitzen duen. Haren ikusmolde artistikoak ametsen eta errealitatearen esplorazioa bateratzen ditu, espazio magikoak eta batzuetan alegiazkoak sortuz, irudikatzen dituen bizitzen edertasuna eta zorigaitza islatzen dutenak.
Bere lanetik harago ere, Zero Chou ahots ausarta izan da, eta halaxe jarraitzen du izaten, berdintasunaren eta LGTBIQ+ eskubideen aldeko borrokan baitiardu tradizioz kontserbadorea izan den zinemaren eta telebistaren industrian. Chouk berak esan izan du bere helburua dela etorkizunean LGTBIQ+ etiketarik behar ez izatea, berdintasunak eta justizia sozialak unibertsalak izan behar dutelako.
Haren lana Taiwango zinemaren aberasgarri izan da, baita mundu osoko hainbat zinemagile- eta aktibista-belaunaldiren inspiragarri ere. Zero Chouren narratibaren indarrak, bere konpromiso sozialak eta berrikuntza formalak zinema garaikidea eta giza eskubideen aldeko borroka ulertzeko gako bihurtzen dute.
Zinegoakentzat ohore handia da gure 2025eko ohorezko saria Zero Chouri ematea, Taiwango zinema garaikideko zinemagile garrantzitsuenetako eta konprometituenetako bat baita, eta aitortza egin nahi baitiogu haren ausardiari, talentuari eta mugak desafiatzen, estereotipoak hausten eta mundu bidezkoago eta inklusiboagoa sustatzen duen zinema sortzeko egin duen ahalegin nekaezinari. Haren lanak ederki erakusten digu artea gizartea eraldatzeko tresna boteretsua izan daitekeela, baita gure nahi sakonenen ispilua ere.
