Zinema lesbikoa, esplizitua, politikoa eta batez ere beharrezkoa. Horrelakoa da Émilie Jouveten lana, aurtengo Ohorezko Saria
- ALBISTEAK
- 30/01/18

Zinema lesbikoa, esplizitua, politikoa eta batez ere beharrezkoa. Horrelakoa da Émilie Jouveten lana, aurtengo Ohorezko Saria
Zinema lesbikoa, esplizitua, politikoa eta batez ere beharrezkoa. Horrelakoa da Émilie Jouveten lana, aurtengo Ohorezko Saria
Zinegoak jaialdiak edizio honetako Ohorezko Saria nor izango den jakinarazi du gaur, urtarrilak 30. Émilie Jouvet zinegile frantsesak Joao Pedro Rodrigues iazko saridunaren lekukoa jasoko du aurten.
Zinegoakeko zuzendari Pau Guillenek azaldu duen moduan, Jouvetek, bere lanaren bitartez, “emakumeen gorputza eta euren intimitatea borrokarako tresna bihurtu du”. Zinema zuzendari honen hautaketak, beraz, edizio honetako kartelaren ildo berbera jarraitzen du, hots, gorputz ez normatiboak aldarrikatuz: “Ezberdin izatearen naturaltasuna aldarrikatu nahi dugu, inolako hesirik gabeko jendartea bultzatzen duten sortzaileak ezagutzera eman nahi ditugu”.
Jouvet Pariseko Arte Ederretako Eskola Nazionalean egin zituen ikasketak, eta argazkilari eta zuzendari modura egin du lan, baina ekoizle lanetan ere ibili da, militantzia eta beharrizanagatik. Bere lanetan sexu askatasuna eta aniztasuna aldarrikatzen du modu zabal eta transbersalean, eta bere lan gehienak berak ekoiztu behar izan ditu.
2006. urtean bere lehenengo lana, “One Night Stand” zuzendu zuen, nazioartean hainbat sari lortuz. 2009. urtean zazpi permorferrekin batera tour bat antolatu zuen Europatik, sexu esplizitua zuen Moulin Rouge moduko bat. Zuzendariak kamara hartu eta hainbat momentu filmatu zituen: tour horren egunerokotasuna, sexualitatearen inguruko hausnarketak, feminismoa, queer teoriak eta abar. Bidaia horretan “Too much Pussy!” bere bigarren lana jaio zen, eta zinema komertzialetan leku bat egitea lortu zuen, lan horrek sexu esplizitua zuen arren. Pelikula hori zinema militantearen erreferente bihurtu da, sexua erreminta politiko gisa erabiltzen duelako.
2006. urtean BIM – Biennale de l’Image en Mouvementerako hautatua izan zen, Ginebrako Arte Garaikidearen Museoan. Bertan “Aria” pelikula aurkeztu zuen: Frantzian emakume lesbianek laguntza bidezko ugalketa egiteko dituzten trabak azaltzen dituen lana. Horrez gain, queer amatasun eta aitatasunen inguruko hausnarketa bultzatzen du, eta herrialde horretako testuinguru homofoboa azaltzen du.
Urtebete geroago bere bosgarren lana aurkeztu zuen, sexualitate politikoaren inguruan kasu honetan: “My body my rules”. Pelikula honetan, Jouveten interesa gorputz ezberdinen ingurukoa da, “edertasunaren aginduetatik urrun geratzen diren emakumeen gorputzak”. Gorputzen aniztasuna aldarrikatzen duen ereserki feminista da.
Jouveten lana ezagutzeko interesa duten pertsonek Zinegoaken horretarako aukera izango dute. Bere azken lan biak, “My body my rules” eta “Too much pussy” jaialdiaren programazio “ofizialaren” baitan proiektatuko dira, hots, otsailaren 19tik martxoaren 4ra arte.
“Aria” dokumentala, ostera, “3, 2, 1… Zinegoak” aurre-jaialdian ikusi ahalko da. Hitzordua otsailaren 18an izango da, 19:00etan BBK aretoan (sarrera debalde). Zinegile frantsesa bertan egongo da, eta, beraz, berarekin bere lanaz berba egiteko aukera izango dugu. Halaber, Jouvetek Ohorezko Saria Zinegoakeko Inaugurazio Ekitaldian jasoko du, otsailaren 19an 20:00etan Arriaga Antzokian. Azkenik, Jouvetek masterclass bat eskainiko du BilbaoArten, otsailaren 20an, debalde.