
Between Goodbyes dokumentalak irabazi du Zinegoak 2025 Sari Nagusia, Europan adoptatutako pertsona batek Koreako jatorrira egindako bidaia kontatzen duen filma
Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak 2025eko edizioaren palmaresa jakinarazi du gaur. Between Goodbyes eta Alma del desierto dokumentalak izan dira jaialdiko sari nagusiak. Zinegoak Sari Nagusia, EITBk babestua eta 4000 euroko balioarekin, Jota Munen Between Goodbyes dokumentalak irabazi du. Epaimahaiak nabarmendu nahi izan du “pertsona adoptatu baten jatorrirako bidaia gogor eta sendagarri bat kontatzeko erabiltzen den trebetasun eta edertasunagatik. Esperientzia intimo eta pertsonal batetik abiatuta, adopzio transnazionalek zeharkatutako kolektibo oso baten historia kontatzen du”. Dokumentalak Maike izeneko queer pertsona baten historia kontatzen du, Koreako jatorria duena eta Herbeheretako familia batean adoptatua izan dena.
Film luze honek Lesbianismo eta Genero saria ere irabazi du, 1500 euroko balioarekin, Bilboko Udaleko Berdintasun Arloak babestua. Epaimahaiak baloratu duenez, “erromantizismoa eta nazioarteko adopzioaren idealizazioa desmuntatzeagatik eta protagonistek aurrean dituzten ondorio emozionalak erakusteagatik. Pelikula honek erakusten digu baliabide ekonomiko gutxien dituzten emakumeak sistema kapitalista basatiaren eta Mendebaldeko gizarteen beharrak asetzeko erabili direla”.
Between Goodbyes izan da DOK kategoriako zinta irabazlea, baina epaimahaiak aipamen berezia egin dio Mónica Taboada Tapiaren Alma del desierto lanari ere: “Trans emakume baten borrokaren erretratu eder eta hunkigarria egiteagatik, sistemak aitortua izateko eta, horrela, bere oinarrizko eskubideak erabili ahal izateko. Nazio indigenek eta hizkuntza-komunitate minorizatuek pairatzen dituzten bazterketa-modu desberdinak azaleratzeagatik”. Film honek Aniztasun eta Giza Eskubideen Saria ere irabazi du, 3000 euroko balioarekin, Bizkaiko Foru Aldundiko Lankidetzako eta Aniztasuneko Zuzendaritza Nagusiak finantzatuta. Euren aipamen berezia Solo Kim film laburrarentzat izan da, Javier Prieto de Paula eta Diego Herrero zuzendariena.
FIK kategoriari dagokionez, film irabazlea Rohan Parashuram Kanawaderen Sabar Bonda filmarentzat izan da, “Indiako landa eremu ez exotikoan maitasun zaindua, atsegina, idilikoa eta erlaxatua irudikatzeagatik. Begirada ez-hegemoniko eta dekoraturik gabekoa du, eta India tradizionalean bi gizonen arteko maitasuna posible dela erakusten du. Bernardo Florim eta Maju de Paivaren Avenida Beira-Mar filmari ere aipamen berezia eman diote.
Eta narratiba berriekin lotutako KRAK sailean, Santiago Posadak zuzendutako Brigitte, Planeta B lana gailendu da, “queer ekologiaren erreferente handia den Brigitte Baptiste zientzialari kolonbiar, ingurumen-lider eta trans ikonoaren profil konplexu eta intimoa eraikitzeagatik”. Aipamen berezia Maja Classen zuzendariaren Truth or Dare lanarentzat izan da.
Publikoaren saria, 1000 eurotan baloratua, azken astean zinema-aretoetara joan diren pertsonek emana, Angel Morales Ballestaren Arrecife film laburrarentzat izan da, trans gazte batek bere amamarekin duen harremana kontatzen duena.
Epaimahai gaztearen saria Amélie Hardyren Hello Stranger filmarentzat izan da, “trans bizipenak lehenengo planoan jartzen dituelako eta azpimarratzen duelako garrantzitsuena dela bakoitzak bere burua onartzea, kontuan hartu barik presio zisheteropatriarkala”.
Epaimahai seniorrak, bestalde, Nuria Vil eta Alba Dominguezen Delincuente film laburra saritu du, “bat egiten duelako aurtengo Zinegoakeko gaiarekin, eta militantzia aktiboa eta langileen borrokaren memoria historikoa lantzen duelako”. Euren aipamen berezia Brian den Hartog zuzendariaren Data Van Troost lanarentzat izan da.
Euskal Aktoreen Batasuneko epaimahaiak, bestalde, Sandbag Dam-en Lav Novosel filmari eman dio Fikziozko Film Luzeen Interpretazio Protagonista Onenaren saria, “bere berezkotasunagatik, freskotasunagatik, sentikortasunagatik eta bizitza etengabe transmititzeko moduagatik”. Eta Antzezpen Sekundariorik onena Avenida Beira-Mar filmeko Isabel Teixeira aktorearentzat izan da, “bere aldakortasunagatik eta zailtasun emozionalagatik eta bere pertsonaiaren bidez egia erakusteko duen moduagatik “.
ZG PRO Laborategia saria Daniel Grandesen Last Night I Heard my Laptop Breathing Through my Headphones proiektuarentzat izan da. Music Library ZG PRO saria Laura Gabayren Correspondencias para habitar el mundo lanarentzat izan da. SSIFF ZG PRO saria, berriz, Natalia Granderen Amame tus ojos lanarentzat izan da. Azkenik, ZiNaizen saria, 1000 eurokoa eta EITBk babestua, Markel Zoraquiainentzat izan da, Merezco que me quieran lanagatik.