
Zinegoakek erresistentzia eta estimu-sareak aldarrikatuko ditu 22. edizioan
Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak aurtengo edizioaren ildo nagusiak eta irudia aurkeztu ditu gaur. Ekainaren 23tik 30era jaialdiak “erresistentzia eta afektuen sareak” aldarrikatuko ditu programazio zabal baten bidez, proiekzioak, arte eszenikoak, hausnarketarako guneak eta topaketak barne.
Alaitz Arenzana Zinegoakeko zuzendariak nabarmendu duen bezala, “edizio berri honetan, arreta berezia jarriko diegu disidentzietatik sortzen ditugun erresistentzia sareei eta afektuei. Egitura tradizionaletatik, hegemonikoetatik eta patriarkaletatik haratago doazen ereduak birpentsatu behar dira. Gure gizarteak zeharkatzen dituen zapalkuntza-sistemei aurre egitea eta gainditzea bilatzen duten espazioak aldarrikatu nahi ditugu, heteronormatibitatea, patriarkatua, kolonialismoa edo kapazitismoa, besteak beste “.
Ideia horiek jaialdiaren programazioan islatuko dira, baita Natalia Lisinicchia artistak sortutako Zinegoakeko edizio honetako kartelean ere. Irudian, Berlinen bizi den ilustratzaileak, maitatzeko, komunitatea sortzeko edo hazteko beste modu batzuk eraikitzea posible dela aldarrikatu nahi izan du: “Beharbada, familia-eredu berriak sortu behar ditugu, eta ez kontuan hartu bakarrik odol-ahaidetasuna, baizik eta maite ditugun pertsonak saretuko dituzten ereduak ere”.

Kartelean Lisinicchiaren estiloa ikus daiteke, serigrafiaren eragin handia duena: “Handik nator, masa solidoekin, kolore lauekin eta formen sintesi sendoarekin. Oso pozik nago emaitzarekin eta aukeratutako kolore-paletarekin. Proiektu honek lengoaiari dagokionez artista bezala ondu egin nauela sentitzen dut, eta hemendik aniztasun etnikoa modu kontzienteago batean islatzen duen bilduma berri bat sortuko da”.
Lisinicchia ilusioz gainezka agertu da Zinegoak 2025 jaialdiaren kartela egiteko aukerarekin: “Lehenik eta behin, queer izateagatik eta queer zinema-jaialdi batean parte hartu ahal izateagatik. Era berean, artista gisa, magikoa da norbaitek zure zerbitzuak kontratatzen dituenean eta zu zeu izatea besterik bilatzen ez duenean. Eta azkenik, Euskal Herriaz maiteminduta nago, eta asko miresten dut arteari eta kulturari eskaintzen diozuen guztia “.
Kartela egiteaz gain, Lisinicchia Bilbon izango da Zinegoak 2025en irudia oinarri hartuta horma-irudi bat egiteko.
Zinegoak ekainaren 23tik 30era egingo da Bilboko hainbat areto eta espaziotan: Azkuna Zentroa, Bilborock, Golem Alhóndiga, Guggenheim Bilbao, BilbaoArte, Hikateneo, Sarean, La Sinsorga, Bira Kulturgunea, besteak beste. Ekainaren 23an, astelehena, inaugurazio ekitaldia egingo da Arriaga Antzokian, baina aurreko asteburuan hainbat jarduera osagarri egingo dira “3, 2, 1… Zinegoak! ” aurre-jaialdiaren baitan: antzerkia, kontzertuak, performanceak, aurkezpenak, proiekzioak eta sorpresa gehiago.
Aurten ere, film luzeak, film laburren hainbat ziklo, euskal ekoizpenak, obra eszenikoak, topaketa profesionalak, nazioarteko zinemagileen bisitak, eztabaidarako eta hausnarketarako guneak eta abar izango dira jaialdian.
