
Zinegoak jaialdiak 50 jarduera baino gehiago antolatu ditu erresistentzia eta estimu-sareak aldarrikatzeko
Zinegoakek gaur aurkeztu ditu 22. edizioaren programazio ofiziala eta nobedade nagusiak. Ekainaren 23tik 30era egingo da Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdia, eta aurten ere kulturarekin eta sexu-aniztasunarekin lotutako 50 jarduera baino gehiago izango dira Bilbon. Egitarauak proiekzioak, arte eszenikoak, topaketak, jardunaldi profesionalak, jaiak… biltzen ditu jaialdiaren ohiko egoitzetan, hala nola Bilborock, Golem Alhondiga, BilbaoArte, Bira, Sarean, Arriaga Antzokia, La Sinsorga edo Guggenheim Museoa. Beraz, Bilbok aldarrikapen, aniztasun, kultura eta zinemaz beteriko hamar egun biziko ditu.
Gaur Azkuna Zentroan egindako aurkezpen prentsaurrekoan, Zinegoakeko zuzendari Alaitz Arenzanak 22. edizioaren berrikuntza nagusiak azaldu ditu: “Aurten disidentzietatik sortzen ditugun erresistentzia eta afektuen sareetan jarri dugu arreta, egitura tradizionaletatik haratago doazen ereduak birpentsatu ahal izateko. Erresistentziarako, afektuetarako eta aniztasuna onartzeko espazioak dituzten egiturei begiratzea bilatzen dugu. Zapalkuntza-sistemei aurre egiten dieten errealitate desberdinak batera dauden espazioak”. Aurtengo kartela, Natalia Lisinicchiak egina, horren isla da.
Film luzeen sail ofizialean 15 film lehiatuko dira jaialdiaren ohiko hiru sailetan: FIK, DOK eta KRAK (narratiba berriak), Brasil, India, Argentina, Kolonbia, Estatu Batuak, Norvegia, Kroazia eta Herbehereetakoak, besteak beste. Arenzanak horietako batzuk nabarmendu ditu: “Truth or Dare filmak sexu-topaketa onartuei, kontzienteei eta taldekakoei buruzko hausnarketa bat erakutsiko digu; amatasun-prozesuetako zailtasunak, Der Wunsch (Love Alone Can ‘t Make A Child) zintak erakusten digun bezala; Brigitte Planeta B dokumental kolonbiarrak planetaren kultura-aniztasunari buruz beste logika batzuetatik hausnartzera gonbidatuko gaitu, etab.”. Film horietako hainbat zinemagile eta protagonista izango ditugu gurekin jaialdian, beren lanak in situ aurkezteko.
Edizio honetan, trans infantziak bereziki presente egongo dira, ez bakarrik sail ofizialaren bidez, Avenida Beira-Mar, filmarekin, baita ekainaren 21ean, larunbata, ZiNaizen galarekin ere.
Sail ofizialean lehiatuko diren 30 film laburrei dagokienez, “Haurtzaroa eta Nerabezaroa” eta “Emakume Zuzendariak” ohiko zikloez gain, edizio honetan Zinegoakek hiru ziklo berri izango ditu: “Maitasun sareak” eta “Erresistentzia eremuak”. Horietan, gorroto-diskurtsoak areagotzearen aurrean borroka politiko aktiboa mantentzearen garrantziaz hausnartzera gonbidatzen gaituzte; eta “Geroa oroimenetik”, iraganari begiratuko diogu etorkizun kontzienteagoa eraikitzeko.
Jaialdia ekainaren 23an hasiko da ofizialki, Arriaga Antzokian egingo den inaugurazio-galarekin (gonbidapenak antzokiaren webgunean eskura daitezke). Nerea Arriolak eta Divina Comediak aurkeztuko dute ekitaldia, Esanezin musika taldea arituko da eta Zero Chou zuzendari taiwandarrak Zinegoak 2025 Ohorezko Saria jasoko du, DAMAk babestua. Gainera, bere lanari buruzko atzera begirako bat izango dugu, Taiwango Kultura Ministerioaren lankidetzari esker.
Ekitaldiaren ondoren, “Jone, batzuetan” filmaren estreinaldia izango dugu Euskadin. Sara Fantova zuzendariaren opera prima da, eta FIK sail ofizialean lehiatuko da. Aurten ere, Zinegoakek hainbat euskal ekoizpen izango ditu jaialdian. Fantovaren lanaz gain, sei euskal film laburrek parte hartuko dute Zinegoaken: ¿Dónde estás? (Marina Moreno Novoa), Judoka (Ander Iriarte), Maitemina (Erik Rodríguez Fernández), Inkognita (Julen Gorosabel), Azkena (Ane Inés Landeta, Lorea Lyons) eta La raíz (Isabel Sáez Pérez).
Jaialdia ofizialki hasi aurretik, ekainaren 18tik 22ra bitarteko asteburuan, “3, 2, 1… Zinegoak!” antolatuko dugu hainbat jarduerarekin Bilboko hainbat aretotan. Ekainaren 18an hasiko da Sarean gunean, Buddies (1985, Arthur J. Bressan Jr) filmaren proiekzioarekin. Ostegunean, ekainaren 19an, Guggenheimen, Onda Nova (1983, Ícaro -Francisco C.- Martins, José Antonio Garcia) pelikulaz gozatzeko aukera izango dugu. Hilaren 20ko arratsaldean saio bikoitza izango da: Primeran plataformaren eskutik Smoggie Queens telesailaren aurrestreinaldia eta Gauak taldearen kontzertua Sarean aretoan. Larunbatean, hilak 21, ekitaldiz beteta egongo da goizetik gauera arte: 12:30ean Sinsorgak lesbofobiari buruzko solasaldia hartuko du Ekuatore Ginean; arratsaldean ZiNaizen gala ospatuko da, Dantzertiren “Kaltetuen Elkartea” lanaren estreinaldia eta Biran “RRR! Errebeldeak, errelatoak eta erritmoak”, aurkezpenak, performanceak eta dj-ak. Azkenik, hilaren 22an, igandea, Zero Chou ohorezko sariaren obra ezagutzeko aukera izango dugu, Bilborocken, Irantzu Varelarekin egindako elkarrizketa batean.
Proiekzioez gain, Zinegoakek beste hainbat jarduera osagarri ere hartuko ditu ekaineko azken astean, hala nola arte eszenikoak. Getxo Kulturak antolatuta, ekainaren 26an Getxoko Muxikebarri kulturgunean “Hermafroditas a caballo o la rebelión del deseo” antzezlana izango da, Raquel Loscosek eta Víctor Ramirezek zuzendua. Pieza hau oihu eszeniko bat da,
antzerki dokumentala eta freak show nahasten duena, intersexualitatea ikusarazteko.
Gainera, Zinegoakek hainbat proiekzio berezi eta aurkezpen ere antolatu ditu, hala nola “Izatea iraultza bat da” proiekzioa, zinema queer-etik erreskatatutako eta zaharberritutako filmen programa, 70eko hamarkadan elkartasuna, afektuak eta askatasunaren bilaketa erakusten dituena; edo Apoyo Positivo, aktibismotik zinema queerren hamar urte bete dituen erakundearekin lotutako aurkezpena.
Gero eta indar handiagoa hartzen ari den beste gune bat zinemaren industriarekin eta aniztasunarekin lotutako ZG PRO jardunaldi profesionalak dira. Ekainaren 27an eta 28an hainbat masterclass, garapen bidean dauden proiektuen aurkezpena eta abar egingo dira, David Velduque, Gabriela Wiener, Tatiana Romero, Emilio Papamija eta abarren partaidetzarekin.
Jaialdiaren itxiera ekitaldia ekainaren 30ean izango da, astelehena, Bilborocken, eta bertan 22. edizioaren palmaresa ezagutaraziko da, EITBk babestutako Zinegoak Sari Nagusia barne. Aurrez aurre ez ezik, jaialdiak bere leiho digitalean jarraituko du EITBren Primeran plataforman, jaialdian parte hartu duten filmen kanal batean.
Bilbon ez ezik, aurten ere Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hainbat herritan egiten ari dira Zinegoak. Zehazki, 50 udalerrik osatzen dute aurten ZG Hedapena programa.
