OIHANA ARANA
- SORKUNTZA
- 18/03/22
OIHANA ARANA
Oihana Arana Cardenal (Eskoriatza, 2001) Gipuzkoako bertsolaria eta idazlea da. Egun, Euskal Herriko Unibertsitatean Gizarte antropologia ikasten dihardu. 2017 eta 2018an Gipuzkoako eskolarteko txapelduna izan zen, beste sariketen artean. 2020an argitaratu zuen bere lehenengo eleberria, Portuak. Lazunak azkazaletan (Susa, 2021) poesia bildumaren egilea da, eta Izotzetan islatuak liburu kolektiboan ere parte hartu du. 2022an eRRe ikuskizuna oholtzaratu du Aner Euzkitze, Haizea Arana eta Leire Vargasekin batera.
Gerezi garaia
Nik ere eman izan zionat ezpainetan musu
aho biko edozein ezpatari
hargatik zeuzkanat zauriak nonahi
odol tantak kokotsean,
besteen atzamar puntetan.
Ez naun gerrateaz ari,
biren artekoak ez din gerra izena merezi.
Gereziak ahoratzean isuri ohi ditinagu ezpain ertzetatik.
Tanta horiez ari naun.
Oraindik ez dun gerezi garaia hasi;
elkarren odolarekin amestearekin
konformatu beharko dinagu
banpirismoarekin nahas daitekeen
jokabidea dun gurea;
are, banpirismoa dun.
Ez ninan eszena gore bat eraiki nahi,
irudi eder baten bila nenbilenan,
baina odolak horretara eramaten din dena.
Ez zionat inori esango egunerokotasun
domestikoari buruzko poema bat egiten
igaro dudala goiza
igande goizetan poemak egiten ditinat nik
gure amonak galletak egiten zitinan orduan
konketan pilatutako hortzetako pasta eta odol arrastoak
trapu horiarekin garbitu ordez,
aparteko farfailarik gabeko
udaberria sortzeko ahaleginetan.