Armairuan bultzaka
Lagun batek esan zidan gizonekin ez dela inoiz oheratu, baina erakargarri zaizkiola. Ez dela ausartzen esatera bisexuala denik, ez baitu «probatu». Ez dagokion etiketa bat hartzeko beldur da. Iruzurgilearen sindromea.
Gustuko nuen lagun batek esan zidan bera heterosexuala zela %95ean (bai, benetan). %5 horretan ni nengokeela (bai, bai). Ez zen inoiz ausartu nirekin oheratzera.
Gustuko nuen beste lagun batek eta biok urteak eman genituen jolasean. Tentsioa handia sumatu nuen askotan. Banekien inoiz ez zela deus gertatuko. Heterosexuala omen zen/da.
Institutu garaian lagun batekin sexu harremanak izan nituen behin baino gehiagotan. Heterosexuala dela sinetsarazi dio beti bere buruari.
Aurreko lau lagunak zis-gizonak dira.
Dirudienez gizon bisexualoi gehiago kostatzen zaigu armairutik ateratzea, eta horri buruz idazteko eskatu didate hemen. Baina nik uste dut bisexualok normalean armairuetan sartzen gaituztela, bultzaka eta deus ere galdetu gabe. «Zu, armairura! Zu heterosexuala zara, zure bikotekide ohia emakumea zelako». Jendeak ez baitizu galdetzen ea heterosexuala ote zaren, horretarako ezarri baitzen heterosexualtasun presuntzioa. Familia batean inork ez dezan esan: «Aizue, gauza bat esan behar dizuet: heterosexuala naiz». Baina gainerakoek bai, gainerakoek bando bat karrikaratu behar dugu, eta bozgorailu batekin lau haizeetara oihukatu: «Ez naiz heterosexuala!».
Nik ez dut nire sexu joera zabaltzen, normalean; ez dut ezkutatzen ere. Hori ez da armairu bat, hori da zuk ezin duzula jakin niri zeinek erakartzen nauen ez baduzu inon idatzita ez dagoen nire autobiografia irakurri goitik behera. Ez dakizu zinema gustatzen ote zaidan, ez dakizu zer jaten dudan, baina, aizu, nire sexu orientazioa jakin behar duzu.
Eta egun batean zure bikotekidea gizona da, eta orduan ofiziala da, eta heldu dira txutxumutxuak: «Armairutik atera da». Noiz? Nola? Zein izan ziren eguna eta ordua? Ba, berdin zait: atera ezazu zuk bando bat nire izenean, eta oihuka ezazu nire partez nahi baduzu, nahiz eta nik ez dizudan esan armairuan sartu ninduzun modu berean atera behar nauzunik: bultzaka eta galdetu gabe.
Ze klaro, zu sozializatu zaitut heterosexual bezala, zuri esan dizkizut emakumeei buruz soilik gizon heteroei esanen nizkiokeenak, zurekin egin dut dantza eta agian eman dizut muxu parranda batean –baina marikonadarik gabe, noski!–, zurekin partekatu ditut aldagelak eta dutxak… eta bat-batean enteratzen naiz mutiko batekin zabiltzala, eta hori ez zegoen gidoian, zeren zuk bazenuen neska laguna, badakit, ikusi zintudan muxuka berarekin. Orain marikoi bihurtu zara.
Orduan hautsi duzu halako paktu sakratu bat gizon zis-heteroek odolez zin egiten dutena sortu bezain pronto. Traizionatu dituzu, zakilak jaten zabiltzalako edo, okerrago, ipurditik ematen dizutelako, eta horrekin batera zuk eman diozu porkulo bere mundu ikuskera murritzari eta bere uste ustelei. Baina zuk esan izan zenien inoiz mutilak ERE gustatzen zaizkizula, baina ez zuten inoiz sinetsi, hori guay-arena egiteko-edo esaten zenuelako. «Nola dakizu gustatzen zaizun edo ez, ez baduzu probatu?». 18 urte bete arte emakume batekin oheratu ez den gizon hetero horrek ez zuen bere sexu joeraren frogarik aurkeztu behar izan; oraindik inori ahoan muxu eman ez dion 13 urteko nerabe horrek ezta ere. Ez dute probatu, baina frogatuta dago: heterosexualak dira.
Orduan gauetik egunera maritxua bihurtu zara. Bihurtu, bai; jakina baita ezin zaizkizula gizonak ERE gustatu. Bat edo beste, zuk aukeratu. Hor duzu errepide zabal bat, espaloi bana alderik alde, eta esaten dizute ezin duzula erditik ibili; albo bat aukeratu behar duzula. Hori denek esaten dizute, kolektibokoek ere bai, sarri atzendu egiten baitute B hori zergatik dagoen hor; LGTBI letra segida hori ez dela izen soil bat. Siglak direla, eta bakoitzaren atzean errealitate bat dagoela. B. Bi. Horiek gara gu. Izan ere, LG telebista baten izena da; hobeki geratzen da LGTBI, ezta?
Egoera ikusita, ez nau harritzen gizon bisexualon armairu asko itxita egotea oraindik ere. Batzuek ez dute azalpenik emateko gogorik, edo besteen ahotan egon nahi. Bere sexu orientazioa argi ez duen edo gertukoenei ere esan ez dien horietako bat izanik, ba aizu, agian nahiago du gaur zurekin larrurik ez jo, bestela bihar ekaitza heldu baita, eta bera aterkirik gabe. Ez du bustitzeko batere gogorik. Erosoago baita idor ibiltzea bizitza honetan. Jantziek, zipatuta, gehiago pisatzen dute.
Aizue, inori ezin diogu deus leporatu eguzkitan ibiltzeko hautua egiteagatik. Monosexismo-hormigoiz eraikitako harresiak eraisten saia gaitezke, hori bai. Normalizatu une batzuetan harreman homosexualak eta beste batzuetan heterosexualak izan ditzakegula. Edo biak batera. Eta, batez ere, ez inor armairuan sartu bultzaka eta deus ere galdetu gabe.