bizi /Erreportajea
Modu askotara irudikatu daiteke bisexualitatea artearen bidez, baina zer-nolako lekua dauka bisexualitateak Euskal Herriko kulturan? Nola performatzen da bisexualitatea? Zein rol eta estereotipo irudikatzen dira? Zein erreferente daude? Kultura bisexualik dago? Zaila egin zaien arren, horiei erantzuten saiatu dira Bizi proiektuko 2023ko elkarrizketatuek, eta kulturgintzari lotutako beste zenbait lagun bisexualek ere.
Ezkor eta kritiko agertu da Leo Bueriberi aktibista antiarrazista, DJ Eromena ezizenarekin bere luma bi ez binario zoragarria dantzalekuetara eraman duena: “Ez dut uste Euskal Herrian kultura bisexuala existitzen denik. Badirudi erabili ezin dugun etiketa bakarra dela. Ematen da bisexualitatearen ikuspegi bat heteroarautik, nahiz eta errralitate anitzak egon. Ez da serio hartzen, ez da helmuga gisa hartzen”.
“Olatuen mugimendu bakoitzarekin igartzen du nola doan bere alua zakila apurka jaten, murtxikatzen, irensten, eta bitartean bularrak laztantzen dizkio azpian dagoenari, lantzean behin titiburuei hozka bat emanez; ez emakume ez gizon, edo biak batera den izaki horri”. Alaine Agirre idazlearen, Odol mamituak liburuko pasarte bat da. Psikiatrikoan dagoen pertsona baten bizipenak kontatzen ditu liburuak; horien artean, desira nola bizi duen. “Nobela hori kaleratzea izan zen armairuaren ate zabalena zabaltzea”, esan zuen Agirrek Bizi Bisexualitate proiekturako egindako elkarrizketan. Horrez gain, beste Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama liburuan gainetik aipatzen du gaia.
Kultura bisexualaren adibideak dira, baina ez bakarrak. Euskal kultura bisexuala ezkutuan, bazterretan edota isolaturik dagoenez existitzen ez dela dirudien arren, egon badago. Hala ere, arakatu, behatu eta lerro artean irakurri behar da aurkitzeko. Edurne Errea, Biruña Iruñeko kolektiboko eta Ilargi Berria musika taldeko kidea “ilusionaturik” dago hirian bisexualitatea zentrora eta kulturara ekartzeko eta erreferenteak sortzeko “gose handia” dagoelako: “Bisexualitatearen eztandaren haziak landatzen ari dira Euskal Herrian, eta horrek ez du atzera bueltarik”.
Nel Santacruz Sanz Ehgam Gorbeialdeako aktibista eta Hala Bediko Anatema irratsaio kuirreko kidearen arabera, orokorrean kultura bisexualak ez dauka errepresentaziorik kulturan, ez Euskal Herrian, ez inon: “Lotsarekin edo balio politikorik ez duen zerbaitekin lotu dugu bisexualitatea”. Horregatik, uste du garrantzitsua dela bisexualitatea aldarrikatzea eta bisexualak identifikatzea: “Kultura bisexuala ez da ikusten kultura transarekin, marikarekin eta bolloarekin nahastuta egon delako”. Gaineratu du bisexualitateak kuir kulturari egiten dion ekarpena aitortu beharra dela: “Sexualitatea era malguagoan ulertzeko aukerarekin batera, kolokan jarri ditugu militantzia eredu tradizionalak, nola eraikitzen ditugun harremanak, subjektu politikoak, zein rol dauka identitateak edo praktika indibidualak sexu askapen mugimenduaren erronketan”.
Duela gutxi arte Erreak ez du erreferente bisexual zuzenik izan; hala ere, pixkanaka heltzen ari dela uste du: “Sexu eta genero disidentziek euskal kulturan leku gehiago dutenetik, behar bada bisexualitatea zeharka iritsi da”. Hau da, bisexualitatea aipatu gabe. Beste batzuen artean, Yogurinha Borovak eta Hemendik at musika taldeak egindako lana eskertu du: “Irla moduan oroitzen ditut”. Gogora ekarri du Hemendik at taldearen Sex Sua kanta:
Yogurinhna Borovak ere zeharka aipatzen du bisexualitatea sexu eta identitate askapenaren baitan. Horien adibide dira beste askoren artean, Maite duzunarekin gozatu eta Sentipenak askatu kantuak. 2014koa da lehena eta 2019koa bigarrena. Ez da bakarra, badira beste artista batzuk ere orokorrean sexu-genero disidentziak aldarrikatzen dituztenak. Hala nola, Euskabaret, Altxalili eta Ay Dragmela. Badira ere, euren sorkuntzekin eta presentziarekin bisexualitatea ikusgai egiten dutenak. Horren adibide dira La Furia, Miren Narbaiza (MICE), Olaia Inziarte, Cris Lizarraga musikariak, DJ Eromena, Maia Ansa aktorea, Eurie Cierbide irudigilea, Divina Comedia drag-a eta beste.
Ilargi Berria musika taldea Erreak eta Markel Gomezek osatzen dute, eta Errearen arabera ez da soilik zer kontatzen duzun, baizik eta nork kontatzen duen: “Harrotu, Iruñeko Udaleko LGTBI zerbitzuak, kontzertu bat emateko eskatu zigun. Kartelean jartzen zuen LGTBI kontzertua, eta ez genekien nola egin eta zein kanta aukeratu. Azkenean erabaki genuen pertsona bisexualak garela gauzak egiten eta gure eskaintzaren bitartez ikusgaitasuna ematen. Polita iruditu zitzaigun sinpletasunetik hori ekartzea. Polita izan zen jende bisexuala kantatzen entzutea”.
Euskal Herrian kultura bia “lotsatia” eta “diskretua” dela sentitzen du Ahots Lejardi aktiBIsta lodiak bisexualitateari identitate “epela”, “apolitikoa” eta “ikusezina” dela atxiki zaiolako: “Bisexualak existitzen garen heinean egiten dugu kultura, eta egiten badugu bagara; orduan, egon badago kultura”. Izan ere, nabarmendu du modu askotariko artistak ezagutu dituela: “Ezagutu ditut literaturan bisexualitatea intentsu eta eder irudikatzen duten idazleak, identitate bi argia performatu ez ezik, bizi eta ospatzen duten drag talde ederrak, bertso finalean maitaleei kopla kantatzen dizkieten bertsolariak, beraien kontzertutan doinu eta estetika bisexualez dantzatzen dituzten musikariak, pintzelada, arrosa, more eta urdinak marrazten dituzten disziplina anitzeko artistak, aktiboki aktibismoa bia egiten duten eragileak, drama bisexualak meme erara ekartzen dizkiguten sare sozialetako erreginak”. Horren adibidea da, 2022ko Bertsolaritza Txapelketako Finalean Alaia Martinek bota zuen bertsoetako bat:
Albina Stardust Eneko Garcia Jaurena drag artistaren ustez, “oso ezkutatuta” egon den arren, eta oraindik dagoen arren, geroz eta gehiago aldarrikatzen den identitate bat da eta geroz eta ikusgaitasun “handiagoa” dauka: “Geroz eta gehiago aldarrikatzen dugu ez dela etapa bat”. Gaineratu du ere, genero binarismotik aldentzen den identitate bat dela: “Beti pentsatu dugu bisexualitatea gizonak eta emakumeak gustuko izatea dela; gaur egun, argi dugu ez dela hori, eta beste identitate asko sartzen direla”. Artean geroz eta identitate gehiago aldarrikatzen direla eta ikus-entzunezko produktuetan bisexualitatea geroz eta modu “naturalagoan” irudikatzen direla dio: “Gero eta modu irekiagoan, ez dut esango hobean, islatzen dira bisexualak. Gainera, gai nagusia ez da bisexualak direla”. Hau da, bestelako tramak ere dituzte.
Hala ere, marika eta bollera identitateak “gehiago” erakusten direla uste du, eta rolak “definituago” daudela. Aldiz, bisexualen kasuan ez du hain argi rol zehatzik dagoen: “Bisexual bat dagoenean bollera edo marika bezala irudikatzen dute askotan edo super eszentrikoa”. Horrek ere, zaildu egiten du bisexual gisa identifikatzea.
Bat egin du horrekin Erika Salvatierrak, Biruña taldeko kideak eta sexologoak. Gaineratu du, ez dakiela zer den kultura bisexuala; ez duelako oso argi bisexualitatea zer den. “Armairuan oso sartuta egon naiz, bifobia handia nuen eta ez nekien zer gertatzen ari zitzaidan”, kontatu du. Haren ustez, bisexualitatea “jariakorra” eta “anitza” da. Hori azaltzeko metafora bat baliatu du, eta norberaren identitatea etxe baten forman irudikatu du. Etxe horrek adreilu arrosak, urdinak edo moreak ditu: “Feminizatuagoa edo maskulinizatuagoa izan daiteke. Kultura bisexualaren kasuan; mila kolorerako zerbait da maskulinitatea eta feminitatea oso modu aldakorrean performatzen ditugulako”.
Bisexualitatea bollera eta marika identitateetan edo heterosexualitatea disolbatzearen ondorio da askotan, ez delako aipatzen. Zinegoak elkarteak ikerketa batean aztertu ditu 2020-2022an Euskal Herrian ekoiztutako ikusentzunezkoak, sexu eta genero aniztasuna islatzen dutenak. Bada, film eta telesail horietako pertsonaien % 7,6a baino ez da agertzen bisexual gisa; % 36,2a lesbianak dira, % 31,4a gayak, eta % 19en kasuan ez da sexu orientazioa aipatzen.
Horren adibidea 80 egunean filma da. Bi emakume zahar dira protagonistak: Axun eta Maite. Ospitalean elkartzen diren txikitako lagunak dira. Maite gizon batekin ezkonduta dago eta baserrian bizi da. Axun handik eta hemendik ibili da eta lesbiana da. Berriz elkartzen direnean, Maitek bere sexualitatea eta txikitan Axunekin izandako harremana zalantzan jartzen ditu. Filmak oso eder kontatzen du bisexualitateak sortu ditzakeen zalantzak, baina ez du bisexualitatea aipatzen.
80 egunean filma ez da ikus-entzunezkoetako adibide bakarra. Goazen! telesaileko Enara bisexuala da. Denboraldiaren hasieran Igorrekin dago, eta ostean, Zurirekin. Enara udalekuetara joan arte, Zurik ez du beste bikotekiderik izan eta ez du esaten nola identifikatzen den. Hortaz, egon daitezke pertsonaia bisexualak, baina heterosexual edo bollera identitateetan difuminatuta; pertsonaia marikak, aldiz, oso definituak agertzen dira..
Literaturan ere ez da erraza pertsonaia bisexualak mapatzea; euskal editoreei eta idazleei galdetu diegu eta zailtasunak izan dituzte erreferentziak emateko. Karmele Jaioren Maitasun kapitala liburuko Bakarne aipatu digu Amaia Alvarez-Uria literatura irakaslea eta Mariokerrak liburuaren egileak. Dom Campistron marrazkilariaren Bekatorosak liburuak ere zenbait bisexualen bizipenak jasotzen ditu. Katixa Agirreren Berriz zentauro liburuko protagonista, Paula Pagaldai, gizon batekin ezkonduta dago, baina errealitate birtualean dabilenean gizonezko abatarra –Viktor– erabiltzen du emakumeekiko desira erotikoa gauzatzeko. Jenisjoplin liburuko Nagore Vargas dugu beste erreferente bat:
Uxue Alberdik aipatu digu erreferentzia esplizitu horrez gain, modu kontziente batean apurtu zuela molde heterozuzenekin: “Nagore eta Lukaren harremana ez da oinarritzen bereiziki erakarpen sexualean eta, aldiz, erotismoak taupaka jarraitzen du protagonistak Irantzurekin Formenterara egiten duen bidaian, motorrean doazenean edota azala lokatzarekin igurtzen dutenean”.
Azkenik, Fermin Muguruzaren Black is beltza proiektu transmediako bigarren parteko protagonistak, Ainhoak, sexu harremanak ditu emakume zein gizonekin. Are gehiago, filman zein komikian agertzen den eszena batean laukote bat egiten du hiru lagunekin; bi mutil eta neska bat. Aipatzekoa da komikian gizonen arteko musua nabarmentzen dela. Izan ere, aipatu ditugun gainontzeko erreferente guztiak emakumezkoenak dira.
Oihana Rodriguez, Akaleia musikariaren iritziz kultura bisexualak harreman zuzena dauka pertsonekin, erreferente bisexualekin eta binarismoa zalantzan jartzearekin: “Horrek eraikitzen du kultura bisexuala. Geroz eta pertsona gehiago ezagutzen ditut identitateari dagokionez genero binarismoa eta orokorrean bizitzako espazio askotan binarismoa kolokan jartzen dutenak”. Erreferenteen artean Belako musika taldea nabarmendu du.
Cris Lizarragak Diverses dokumentalean kontatu zuen oholtza gainean bisexual gisa agertzeko egin zuen prozesua. Bandera bisexual bat josi zuen kontzertu batean alkondara gisa janzteko asmoarekin, eta amari eskatu zion laguntza jantziari azken ukitua emateko: “Momentua aprobetxatu nuen azaltzeko bisexuala naizela. Hala, bi urratsak eman nituen aldi berean: familiari jakinaraztea eta eszenatokira igotzea bandera jantzita”. Geroztik, Lizarraga Bilboko Bilerabi kolektiboa sustatu du bi lagunekin batera, eta Belakoko beste zenbait kidek ere aldarrikatu dute bisexualitatea.
Erreferenteei dagokienez “umezurtz” sentitzen da Jokin Pedreño ez duelako apenas erreferenterik. Horregatik, bisexualak elkartu, eta kultura propioa sortu behar dutela: “Bestela beti egongo gara alboratuta eta ez gaituzte aipatuko”.