
ZG Hedapena 2005ean sortu zen, Zinegoak toki gehiagotara zabaltzeko eta LGTBIQ+ edukiko lanak ohiko zirkuituetatik kanpo eskuratzeko zailtasunak dituzten herrietara hurbiltzeko tresna gisa. Horrez gain, topaketarako eta hausnarketa kolektiborako gune bat ere bada.
Euskal Herriko hainbat herritara eramaten ditu LGTBIQ+ lanak, jatorrizko bertsioan eta euskaraz zein gaztelaniaz azpidatzita. Gainera, funtsezko tresna da Zinegoak Elkartearentzat, LGTBIQ+ errealitateak ikusgarri egiteko eta LGTBIQ+fobien aurka lan egiteko.
Berdindu! Eusko Jaurlaritzako LGTBIQ+ Informazio eta Arreta Zerbitzuaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta hqainbat erakunde, udał eta elkarteren babesari eta inplikazioari esker, herri ugarik hartzen dituzte film labur eta luzeen emanaldiak.
Azken bost urteetan, 64 herrik baino gehiagok parte hartu dute ZG Hedapenan, eta 300 emanaldi baino gehiago eskaini dira. 2026ko edizioan, 47 herrik parte hartuko dute, eta 50 emanaldi inguru izango dira maiatzetik ekainera bitartean.
Aurten ere, parte hartzen duten lanek 800 euroko ZG Hedapena Saria eskuratzeko aukera izango dute. Euskal Herriko landa-eremuetako hiru kidek osatutako epaimahaiak erabakiko du lana irabazlea.
ZG Hedapenan parte hartzen duten udal guztien konpromisoa eta babesa eskertu nahi ditugu, eta gertuen duzuen herrira hurbiltzera gonbidatzen zaituztegu, emanaldiren batez gozatzera.
Espero dugu zinemaz eta aniztasunaz gozatzeko esperientzia partekatua izatea!