Barbara Forever dokumentala, Brydie O’Connor zuzendua, Zinegoak 2026 Sari Nagusiaren irabazlea

Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak 2026eko edizioaren palmaresa jakinarazi du gaur. Zinegoak Sari Nagusia, EITBk babestua eta 4.000 euroko dirusaria duena, Brydie O ‘Connorren Barbara Forever dokumentalak irabazi du. Barbara Hammer zinegile lesbiana enblematiko eta aitzindariaren bizitzaren, obraren eta ondarearen esplorazio bat da, bere artxiboko materialean oinarritua. Epaimahaiak bere “hizkuntza poetikoa, zintzotasuna eta umorea” nabarmendu ditu, “Barbara Hammer zinemagilearen bizitzan modu sotilean sartzean sortzen duen samurtasunaz gain“. Barbara Forever izan da edizio honetako lanik nabarmenduena, hiru sari eskuratu baititu.

Zinegoak Sari Nagusiaz gain, Sail Ofizialeko DOK kategoria irabazi du. Kasu honetan, epaimahaiak “norbanakotik kontatzeko eta, aldi berean, garai eta komunitate baten historikoa eta kolektiboa dena presente egiteko duen gaitasuna” baloratu du. 

Dokumentalak Lesbianismo eta Genero Saria ere jaso du, 3.000 eurokoa, Bilboko Udaleko Berdintasun Sailak babestua. Epaimahaiak azpimarratu duenez, “memoria hain garrantzitsua den une honetan, funtsezkoa da hegemonikoa ez den eta inoiz izan ez den bizitza baten testigantza uztea. Filma zinema lesbiko eta esperimental feministaren aitzindari honen errekonozimendua da“. 

Lesbianismo eta Generoaren epaimahaiak aipamen berezia egin dio Divine Sung zuzendutako Summer ‘s Camera filmari, “protagonistaren identitatearen aurkikuntza hunkigarritasunegatik kontatzen duelako, argazkiaren bidez bere aitaren nortasuna ere ulertzeko bidea aurkitzen baitu“. 

FIK kategorian, film irabazlea Sahand Kabirik zuzendutako The Crowd pelikula izan da, “pertsonalki oinarritutako kontakizun benetan kolektiboa eraikitzeko arrisku formal bat hartzeagatik. Filmean agertzen den nortasuna ez da irandar jatorrian bakarrik oinarritzen, gaztaroan ere oinarritzen da. Gainera, Mendebaldeko begiradak Irango zineman ikustea espero duen gatazka politikoak erakusteari ihes egiten dio“. FIKeko epaimahaiak aipamen berezia egin dio Joonho Parken 3670 filmari, “bere samurtasunagatik, non soinu-bandak, soinu-diseinuak, kolore-paletak, argiak eta gidoiak kontakizun sotil bat eraikitzen duten, zaurgarritasuna eta inozentzia aldi berean nabarmenduz“.

Era berean, The Crowd filmak Aniztasuna eta Giza Eskubideak Saria jaso du, 3.000 eurokoa eta Bizkaiko Foru Aldundiko Lankidetzarako eta Dibertsitaterako Zuzendaritza Nagusiak babestua. Epaimahaiaren ustez, filmak “modu naturalean islatzen ditu kolektibitatea eta komunitatea, familia, lagunak, migrazioa eta dolua bezalako gaiak jorratzeaz gain“.

Narratiba berriei eskainitako KRAK sailean, Bouchra izan da sariduna Meriem Bennani eta Orian Barki sortzaile marokoarrak zuzenduta. Epaimahaiak azpimarratu duenez, “itxuraz sinplea den premisa batetik abiatuta, filma benetan hunkigarria eta beste guztiarekiko desberdina den zerbait bihurtzen da. Obrak gorputz esperientzia, desira, nostalgia eta aldi berean bi mundutakoa izatearen pisua irudietan eta soinuan itzultzen ditu, testuak bere kabuz inoiz ezingo lukeen moduan“. 

Publikoaren Saria, 1.000 euroko balioarekin eta zinema-aretoetara joan diren pertsonek emandakoa, Christophe Gomesen Seuls les poissons morts suivent le courant (Only The Dead Fish Go With The Flow) film laburrarentzat izan da.

Gazte Epaimahaiaren Saria, Skin Flick laburmetraiak irabazi du, Louise Bailly, Daniela Del Castello, Alice Levy, Bruno De Mendonca, Elifsu Meric eta Joey Quoc Tran-ek zuzenduta. Epaimahaiak nabarmendu duenez, lanak “ezin hobeto gorpuzten du aurtengo leloa, Piztu piztia!, eta animazioak identitatearen eta sexualitatearen likidezia ikusarazteko duen ahalmena aldarrikatzen du“.

Bestalde, Senior Epaimahaiak Jetske Lieberren Januari (January) film laburra saritu du, “umorearen bidez desamodioak eragindako min unibertsala normalizatzen du eta, samurtasun handiz, denok hor egon garela gogorarazten digun lan biribila delako“. 

Euskal Aktoreen Batasunaren epaimahaiak Femke Vanhoveri eman dio Fikziozko Film Luzeko Antzezpen Nagusirik Onenaren saria, Skiff pelikulan egindako lanagatik, “pertsonaia konplexu bat eraikitzeko duen gaitasunagatik, publikoak aktore bat ikusten ari dela ahaztu eta istorio honetako gatazketan bete-betean murgiltzea lortu duelako“. Sarah Al Saleh, Alina Juhart, Mina Milovanovic eta Mia Skrbinac Fantasy filmeko lau protagonistek jaso dute Film Luzeko Antzeztaldeko Antzezpen Onenaren Saria, “beste mundu bat nola deskubritzen duten erakusteagatik, eta horren bidez bizi-eraldaketako prozesu bat nola hasten duten kontatzeagatik“. Gainera, epaimahaiak aipamen berezia egin die Bearcave, Xara Kyriazi eta Pamela Oikonomaki protagonistei.

ZG PROren barruan, Zinegoak industriari eskainitako arloan, Aina Palomer Sitjàk zuzendutako L’Ultima Estesa proiektuak irabazi du ZG PRO Laborategia Saria, Triodos Bank babestua, eta 3.000 €-ko zuzkidura du. Era berean, Music Library ZG PRO Saria Carolina Alaminoren La loca de los gatos filmarentzat izan da, SSIFF ZG PRO Saria Mikel Ruedaren Solo lanak irabazi du eta Eric Rodriguezen Cupido y otros arqueros Neurads Saria eskuratu du. 

ZG Hedapenaren barruan, festibalean zehar proiektatutako filmak 40 herri baino gehiagotara eramaten dituen programak, Kun Sunek zuzendutako The Wind In Ash film laburrari 800 euroko saria eman dio epaimahaiak, “mendebaldeko begiradatik at gauzak ikusteko beste modu bat erakusteagatik, baita tradizioa samurtasunetik planteatzeagatik, isilduta zeuden tabuak argitara aterata”.