bizi / SorkuntzaMikel Denis

Diren gorputzak maitatu

Mikel Denis

Neska, mutila, zer esanahi dute? Ez bitarra, ageneroa, genero jariakorra… eta hauen gorputzek, zer esaten digute? Zer doa lehenengo eta zer ondoren? Emakume gorputza, gizon gorputza…nire gorputza ez al da nirea lehenik eta behin? Noizbait entzun duzue ez binario gorputza bere genitala edota gorputz eraketa zehatz bat definitzeko? Zakila-alua, titiak-pektoralak, koipea ipurdian-koipea bizkarrean… Dikotomietan galtzen gara, batez ere medikuntza arloan.

Izan beharko lukeenak, eta ez naiz ari edertasun kanonaz soilik. Barneratuta dugu zer den -eta izan behar lukeen- gizon gorputza eta zer emakumeena.  Edozein delarik bere adina, kultura, altuera, zabalera, iruditerian iltzatuta ditugu definizio dikotomiko horiek, baina oker daudela erakutsi dezakegu.

Naturala bata edo bestea dela esaten da: heterosexuala izatea, zisgeneroa, neurotipikoa, lodia ez izatea… Natural hitza ez al da hizkuntzaren kategoria artifizial bat? Nork erabakitzen du zer den eta zer ez den naturala? Ez al du kulturak definitzen?

Mutilak eta neskak gustatzen zaizkigu, edo neskak eta mutilak. Nik ez dio sekula inori entzun homosexuala edo heterosexuala dela ez binarioak soilik gustatzen zaizkiolako. Inork ez du argi nolakoak diren ez binarioen gorputzak. Agian, kanon bat sortzen ari da: zuria, argala, ezaugarri finak eta ile gutxikoa den androginitate itxurakoak (modelo pistetan ikusi daitezkeenak, Ruby Rose, adibidez). Zis binarioen antza duten ez binarioak ere badude, eta beste androginitate batzuk dituzten pertsonak ere bai, Alok Vaid-Menon, esaterako.

Imaginario kolektibo hauek ez al dituzte gure desirak mugatzen?

Nik ez ditut maite “horrelakoak izan behar diren gorputzak”. Nik diren gorputzak maitatu nahi ditut. Ez emakume gorputzak, ez gizon gorputzak, ezta ez daudenen gorputzak ere; nik pertsonak maitatu nahi ditut. Eta nire trans gorputza maitatzeko bidea zabaltzen dut, emakume edo gizon izenen gainetik, horiek ondoren etor baitaitezke, baldintzatu gabe, eta gu izateko ahalmena emanaz.