Kutsakorra
— Zenbat pertsonekin izan dituzu sexu-harremanak azken urtean?
Ez dakit zer erantzun sexu-transmisiozko infekzio (STI) unitateko gizon heldu ozpinduari.
Hogei, agian?
Hogei esan dezaket epaitua sentitu
barik?
Sotana beltza dirudi nire begietan bere amantala zuriak.
— Erantzun ea hurrengo sexu-praktikak izan dituzun azken urtean:
Bai
Bai
Bai
Bai
Bai
Nire bekatuak aitortu ostean, espekulua sartu dit aluan eta makiltxoa eztarrian, gupida barik. Gogaikarria egin zaio nire autodefentsa-erreflexua. “Ez duzu arazorik izan beste sarketerako”, pentsatu du akaso. Hiru Ave Marien ordez, hepatitis Baren kontrako txertoa jartzeko agindu dit.
*
Feminista eta lesbiana da planifikazio zentroko ginekologoa, baina bere bortizkeriagatik ezaguna dugu lagun taldean. Hark deribatu ninduen Indautxuko STI unitatera, narritadura bat antzeman nuelako bulban, atzerrian gizon zis batekin abentura bat izan ondoren.
Bi urte pasa dira, eta ez da nitaz gogoratzen.
— Antisorgailurik erabiltzen al duzu?
— Ez, harreman lesbikoak ditudalako.
Zitologia egin ondoren, esan diot STI probak egin nahi ditudala prebentzio-neurri gisa. Inork inoiz eman ez didan informazio guztia bota dit, ez tonu pedagogikoan, baizik eta errieta moduan:
— Hipokondriakoa al zara? Emakumeen artean kutsatze-tasa minimoa da infekzio gehienen kasuan. Giza-papilomaren birusa da salbuespena, baina ez dago hori saihesteko modurik. Dena den, ezagutzen al duzu latex partxerik erabiltzen duen lesbianarik? Nik ez. Erlaxatu zaitez, neska, eta utzi baliabide publikoak alferrik gastatzeari!
Anbulategiko emaginak deitu dit, azken zitologiaren emaitza azaltzeko.
— Zelula tumoralak antzeman ditugu zure utero-lepoan. Ez zaitez kezkatu, Basurtuko Ospitalera joan behar duzu, kolposkopia izeneko prozedura bat
egingo dizute. Ez da mingarria, eta etxera joango zara jarraian.
Akordio monogamoa dut nire bikotekide berriarekin, hark eskatuta. Joana bollera goldena izanda, ontzat eman dut “nire errua” izan dela, arriskuan jarri ditudala nire bizitza eta berea, bisexual pottorberoa izateagatik. Basurtutik atera gara eskutik helduta, negarrez ni, estigmaren erresuminarekin barne borrokan.
Cersei Lannister naiz lotsaren paseoan.
Biluzik, nire ezmoraltasuna agerian.
Shame, shame, shame.
Estigma arindu zait Sare Lesbianistako hurrengo asanbladara joan, eta beste kide batek giza-papilomaren birusaren (GPB) gaia atera duenean. Lelo bat asmatu dugu: “El Virus del Papiloma Humano se lo inventó el Vaticano”. Lesbianei zuzendutako gidaliburu bat
sortu dugu Mundo Ivaginariorekin. Ez dio praktika bisexualei erreferentzia egiten.
*
Elisa Coll eta Ana Amigori esker ulertu dut barneratutako kulpa ez dela nire harrikada. 1990ko The bisexual manifestok dagoeneko aipatzen zuen asoziazio hori: “Ez ezazu parekatu bisexualitatearekin promiskuitatea, desleialtasuna edo sexu ez-seguruaren praktika”. Boom!
Hiesaren pandemiaren garaian zabaldu zen praktika bisexualak zituzten gizonekiko kezka, armairuan zeudenen emazteak kutsatzen hasi zirenean. “Familia nuklearrarekiko mehatxu gisa aurkeztu zuten hedabideek bisexualitatea”, dio Amigok Biciosas liburuan. Gaineratu du narratiba hori gaur arte dirauela, alegia, gizon bisexualak “kutsatze bektore izateaz gain, engainuari eta ziriari lotuak” daudela.
Halaber, emakume bisexualekiko errezeloa indartu zen komunitate lesbikoetan hiesaren ondorioz. Izan ere, osasun-argudioa baliatu zuten lesbiana bifoboek haien epaiak justifikatzeko, kontserbadoreek nola: haien espazio sakratua galbideratu zezaketen emakume bisexualek. Gaur egun, hiesarekiko alarma baretu den arren, STIen mamuari egiten diote erreferentzia zenbait iruzkin bifoboek.
Twitterren irakurritako txio bat aipatu du Amigok: “Nunca estaría con una persona bisexual. Lo que me faltaba, que me pasasen una ETS”.
*
Izterra murtxikatzen didan zilizioa da estigma. Nire lehenengo mutilagunek gogor estutu zidaten. Zeloak, kontrola, umiliazioak, abusu-emozionala. Erakargarria egiten zitzaien nire
sexualitatea, baina menderatu nahi zuten (emakume bisexualon klasiko bat, Elisa Collen arabera).
Joanaren aldetik ez da egon tratu txarrik, baina ez dut erabat alboratu nire suak bere ezinegona pizten duen intuizioa. Saiatu da nire enegarren sexu askapen prozesua onartzen, baina ahuldade une batean gatza bota dit zaurietan.
— Neurriak hartu beharko dituzu, bereziki gizonekin oheratzen bazara.
Zure maitaleei probak eskatu beharko dizkiezu.
— GPBren eta hepatitis Baren kontrako txertoak jarriko al ditut?
— Ondo legoke, bai.
Ez zidan halako kezkarik adierazi lehen aldiz oheratu ginenean. Ez du inoiz latex
laukirik erabili, ezta STI probarik egin.
Zilizioaren haginkada txikiak sentitu ditut.
Shame, shame, shame.
Coger rico, amar bonito podcasteko aurkezleen esanetan, STI ez-monogamiarekin lotzen duen diskurtsoak kutsu moralista eta estigmatizatzailea du. Osasunarekiko kezka aitzakia da gehienetan. Nabarmendu dute ez-monogamia modu etikoan praktikatu nahi dugunok, kontzientzia eta arduraz jokatu ohi dugula.
Etxeko lanak eginda nituen nik bikotea irekitzea eskatu nionean. Sexologo kuir bati informazio eguneratua eskatu eta hark gomendatutako Cuídate, coño! gida goitik behera ikasi nuen, kondoiak erosi eta, badaezpada, armairuan ezkutatu nituen. Bai, armairuan.
*
Lesbiana goldentzat nuen Malen, marimutila delako. Arindu itzela hartu dut kontatu didanean gustuko duela noizbehinka gizonekin larrua jotzea. Nire neurriko ibilbide promiskuoa dauka, baina ziliziorik ez izterrean. Probak egitea eta sexu-jostailurik
ez konpartitzea adostu dugu, modu horizontalean.
Pote bat hartu dugu lagun bollera batekin. Neska bisexual oso erakargarri eta interesgarri bat ezagutu du Tinder bidez, eta berarekin geratu nahi du, baina neskak ohartarazi dio aktibo duela GPBa.
— Zer egingo dut? Zita atzeratu? Harekin geratu baina larrua jo barik?
Gogoratu diogu sexu-harremanak dituen herritarren gehiengoak duela GPBa aktiboa noizbait, jakin barik; arriskua ez dela birusa bera, baizik eta minbizia garatzea, eta hori zitologien bidez prebenitzen dela.
— Bere burua biluztu du. No le des la espalda. Informa zaitez eta, batez ere, bizi!— esan diogu, aho batez. Begirada konplizea bota diogu elkarri.
Antibiotiko bidez senda daitezke STI gehienak, garaiz detektatzen badira. Barneratutako bifobia eta sexofobia tratatzeko botikak ere badaude, nahiz eta motelagoa izan daitekeen osatze prozesua; aktibismoaz eta biziosoon arteko konplizitateaz ari naiz.