bizi / Sorkuntza / Olaia L. Garaialde

Lagunei, mila esker!

Armairu bat izango banintz, atea zabalik edo itxita egongo zen? Agian erdi zabalik. Beti egon naiz agerian, korridorean egon ohi diren armairuen antzera, baina asko ez dira ohartu ere egin. Norbait jabetu den bakoitzean armairutik aterako banintz bezala da; batzuetan, goxoa, beste batzuetan garratza, eta askotan gazi-gozoa.

Gutxitan sentitu dut azalpenak emateko beharra, baina zoritxarrez jendeak oso maiz exijitzen ditu. Saiatzen dira tiradera bat edo beste aukeratzera behartzen: “Zer dituzu gustuko, neskak edo mutilak?”.  Edo bestela ere: “Zer zara, neska edo mutila?”. Binario hutsak dira, baina gero salatzen dute bisexualok sustatzen dugula binarismoa.

Zorionez, armairu bat izango banintz, bidelagun asko nituzke: tiraderak, pertxak, gonak, prakak, soinekoak, atorrak, apalak, gona-prakak, kutxak… denetarik. Batzuetan ahaztu egiten zait zenbat laguntzen didaten bidean.

Gogoan dut txikitan herrian jolasten ari ginelarik, neska den lagun bati galdetu niola ea lagun bat gustuko zuen. Galdera inozo bat izan zen, elkarri bazilatzeko egiten genuen horietako bat. Lagunak arraro begiratu, eta esan zidan: “Baina zer diozu? Neska bat da”. Ez nuen ulertzen zergatik esaten zuen hori.

Lagun batzuei esker sentitu nuen gogoratzen dudan lehenengo bihozkada. Bata neska zen, bestea mutila eta ni, ez-binarioa. Hala ere, oraindik ez nuen hitz hori erabiltzen ez nuelako ezagutzen.  Orduan ez nekien bisexualitatea zer zen ere, baina uste nuen pertsonok pertsonak genituela gustuko. Hasieran zalantzak nituen biak oso gustuko nituelako, eta ez nuelako argi nola kudeatu egoera. Biekin egon nahi nuen, baina tira, ez zen ongi atera.

Herritik atera, eta Bilbora ikastera joan nintzenean ezagutu nuen bisexual hitza. Hor ere bidelagun on bat izan nuen. Behin hitz egiten ari ginelarik galdera bat egin zidan lagun batek: “Bisexuala zara?”. Zeharo galduta nengoenean,jakinmina piztu zitzaidan, ea hitz horrek sentitzen nuena azaltzen zuen.  Bete-betean asmatu zuen.

Gerora, berriz ere zalantzaz beterik nengoenez, identitatearen inguruan idazten hasi nintzen etengabe. Neure buruari galdetzen nion zer ote den emakume bat edo gizon bat izatea, eta zein zen nire lekua. Ez nion zentzurik ikusten. Orduan lagun batek esan zidan: “Neska zara edo…?”. Ez dut gogoan ongi hitzez zer esan nion, baina nire aurpegiak dena esaten zuen, kartel handi bat neukan kopetan: “Galduta nago. Nola daki zer sentitzen dudan?”. Askotan egiten dugu barre egun hori gogoratzean.

Urte asko behar izan ditut benetan neure identitatea onartzeko eta baliozkotzat jotzeko. Aspalditik nekien ez-binarioa nintzela, baina hor kokatzearen beldur nintzen. Horretarako ere, lagun baten laguntza behar izan nuen. Bere buruaz beste egin zuenean hankaz gora zegoen nire bizitza. Ez dakit ongi azaltzen, baina dena aldatu zen: sentitu nuen bizitza laburra zela, bizitzeko dagoela eta neure buruari identitatea ukatuz ez nintzela gustura biziko.

Oso xelebrea da zenbat dakiten lagunek guregandik, eta nola dakiten zer sentitzen dugun gu jabetu aurretik. Bizirik dauden lagunekin, hil direnekin eta urrundu direnekin ikasi dut; azkenak ez ditut nahi bizitzan. Ondoan ditudanei esker, zuei esker, idazten ari naiz hemen. Lagunei, mila esker!