Sridhar Rangayan, Zinegoak 2019 Ohorezko Saria

Sridhar Rangayan, Zinegoak 2019 Ohorezko Saria

Sridhar Rangayan zinegile, ekintzaile eta Bombayko Queer Zinema Jaialdiko zuzendariak jasoko du Zinegoak 2019ko Ohorezko Saria

Zinegoakek Sari Berezia emango dio Apoyo Positivo gobernuz kanpoko erakundeari. Elkarteak 25 urte bete ditu eta sexu-aniztasuna ikus-entzunezko lanen bitartez lantzen ditu.

Zinegoakek aurtengo Ohorezko Saria emango dio Sridhar Rangayan (Mandya, Karnataka, India, 1962) zuzendari, ekoizle eta ekintzaileari. Indiako zinegilea “Kashish” Bombayko Queer Zinema jaialdiko zuzendaria da (Indian sexu-aniztasuna lantzen duen jaialdi bakarra eta Asiako garrantzitsuenetakoa). Rangayan Bilbora etorriko da saria jasotzera. Zinegoakeko inaugurazio ekitaldian izango da, otsailaren 18an, Arriaga Antzokian. Horrez gain, otsailaren 17an Evening Shadows bere azken lana aurkeztuko du BBK aretoan, doako sarrerarekin.

Zinegoakeko zuzendari Pau Guillenek nabarmendu duen bezala, “Rangayanek hamarkada bi daramatza giza eskubideak eta sexu-aniztasuna lantzen. Bere zineak gai ezberdinei ateak ireki dizkie eta zentsuratutako ahotsen istorioak kontatu ditu”.

2001. urtean Rangayanek Solaris ekoiztetxea sortu zuen Saagar Gupta idazle eta zuzendari artistikoarekin batera. Solaris LGTBIQ+ pelikuletan espezializatutako Indiako lehenengo ekoiztetxea da. Kashish jaialdia ere ekoiztetxearen bitartez antolatzen dute. Bombayko queer jaialdiak 10 edizio bete ditu eta mundu mailako erreferentzia bihurtu da.

Horrez gain, Solarisek Flashpoint Human Rights Festival jaialdia ere antolatzen du, giza eskubideak ikuspegi zabalago batekin lantzeko asmoz. Horrela, Guillenen berbetan, ekoiztetxea “erreminta boteretsu eta eraldatzailea da, eta, horren bidez, Rangayanek bere konpromiso militantea kultura eta ikus-entzunezko produkzioarekin lotu du”.

Solarisen egin duen lanaz gain, Rangayanek hainbat film zuzendu ditu, eta guztietan LGTBIQ+ edukiak oso presente egon dira:

Gulabi Aaina, 2003 (The pink mirror / Ispilu arrosa). Indiako trans errealitatea modu zuzenean lantzen duen lehenengo pelikulatzat jotzen da.

Yours emotionally, 2006. Indiako jatorria duen gizon homosexual britainiar bat hiri txiki bateko gazte bisexual batekin maiteminduko da. Bertan, Rangayanek arrazismoa eta kultur identitatea lantzen du, eta, lehenengo aldiz, LGTBIQ+ kolektibo ezberdinetako 100 pertsona baino gehiagok parte hartu zuen, besteak beste, Mumbaiko “Humsafar Trust” edo Gujarateko “Lakshya”.

68 pages, 2007, GIB birusa duten pertsonek pairatzen duten estigma eta bazterketari buruzkoa.

Purple skies, 2014 eta Breaking free, 2015, LGTBfobia instituzionalizatuaren inguruan.

2018. urtean Evening Shadows bere azken lana aurkeztu zuen. Pelikula honek istorio unibertsal bat kontatzen du; berak definitzen duenez, “pelikula familiarra” da. Gay istorio bat kontatzeaz gain, Indiako emakumeen errealitatea kontatzen du, gizarte patriarkal baten testuinguruan.

Azken urteetan, Indian sexu-aniztasunagaz lotutako hainbat urrats eman dira. 2018. urtean, esate baterako, Indiako Auzitegi Gorenak 377. artikulua legez kanporatu zuen, eta, horri esker, homosexualen arteko harremanak ez dira ilegalak gaur egun. “Sridharrek eta beste hainbat ekintzailek egindako lanari esker aurrerapauso hauek ematea lortu da. Espero dugu aldaketa sozial eta legal hauek Rangayanentzat bultzada izatea eta bere sormenarekin jarraitzea, bere lanak ederrak eta hunkigarriak izateaz gain, batez ere beharrezkoak direlako”.

 

Sari Berezia Apoyo Positivo elkartearentzat

Bi urterik behin, jaialdiak sari berezi bat eskaintzen die ezaugarri sozial eta militantea duten eta ikus-entzunezkoak lantzen dituzten norbanako, elkarte eta erakundeei. Fernando Diez ekoizlearen eta Ugandako Queer Kampala jaialdiaren ostean, aurtengo Sari Berezia Apoyo Positivo (A+) elkartearentzat izango da. Aurten, elkarteak 25 urte bete ditu.

Gobernuz kanpoko erakunde honek aniztasuna bultzatzen du, hiru esparru nagusitan: osasuna, hezkuntza eta eskubideak. Apoyo Positivok ikus-entzunezko lengoaia gaurkotzea lortu eta belaunaldi berriekin bat egin du. Hainbat gairen artean, GIB edo LGTBfobia landu dituzte.

“Estoy Bailando”-rekin elkarlanean, Apoyo Positivok “Eli” edo “Diversos” (mundu mailako estreinaldia 2015. urteko Zinegoaken izan zen) bezalako laburmetraiak sortu ditu. Horrez gain, “Indetectables” webserie ezaguna ekoiztu du. Bertan ikus-entzunezkoen hainbat aurpegi ezagun agertu dira eta on-line edukietako plataforma handietan ikus daiteke.

Zinegoakek sari berezi hau Apoyo Positivo elkarteari eman gura izan dio “aniztasuna gaur egungo ikus-entzunezko erremintekin erabiltzeko egin duen apustuagatik, hizkuntza berritzaile, eraginkor eta zuzena erabiliz”.