Aurten, aspalditik garatu nahian ibili garen jarduera bat estreinatuko dugu: ZineGogoak. Aniztasuna ikastetxeetara gerturatzeko tresna berri bat da, ikastetxeak baitira gure gizarteen balio positibo eta beharrezko gisa ikusgai egiteko eta naturalizatzeko esparruak.

Portugaleteko Udaleko Gazteria eta Kirola Sailarekin lankidetzan, martxan jarriko dugu ZineGogoak-en lehen edizioa, eta gure helburua gero eta herri eta eskola gehiagotara iristea da, haiekin eskuz esku lan egiteko.

ZineGogoak-en, goizeko zinema-saioak eskainiko ditugu, zinema-aretoetan, ikastetxetik kanpo, eta, saioen ondoren, dinamizazioak eta solasaldiak antolatuko ditugu.

Kultura ahalmen eraldatzaileko tresna gisa ikusarazteko apustu bat da, eta bi helburu nagusi ditu. Batetik, sexu-, identitate- eta genero-aniztasunarekin loturiko ikus-entzunezko azken lanak ekartzea, hots, eduki gaurkotuak eta ikasleen interesekin bat datozenak, haien adin bereko protagonisten istorioak biltzen dituztenak eta horrenbestez haien testuinguru eta ikuspegi berekoak direnak. Bestetik, ikus-entzunezko kulturaren eta zinema-narratibaren gaineko ezagutza handitzea; horretarako, tresna gisa aurkeztuko dugu zinema, eta ikusgai egingo ditugu hura osatzen duten elementuak.

Gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu Portugaleteko Udalari, ikuspegi horrekin bat egiteagatik eta ekimen hau aurrera ateratzera animatzeagatik. Bide batez, beste udal batzuk ere animatu nahi ditugu, datozen edizioetan parte har dezaten, hartara sare indartsu eta beharrezko bat osa dezagun denon artean, Zinegoak-en ZG Hedapen ekimenarekin bat eginez.

Gora ZineGogoak!