
_ Ongi etorri Zinegoak jaialdiaren aurtengo ediziora. Ilusioz eta kultura-proposamenez josita dator aurtengo jaialdia ere, gure burua birpentsatu eta berraurkitzeko asmoz. Beste behin ere, sexu-, identitate- eta genero-aniztasunari ikusgarritasuna emateko eta eztabaida sustatzeko espazio bat izan nahi dugu.
Buru-belarri ari gara aurtengo edizioa aurrez aurrekoa izan dadin; izan ere, gure iritziz, ikus-entzuleen parte-hartzea da jaialdiaren muina. Dena den, aurten ere leiho birtual bat zabalduko dugu Filmin plataformaren bitartez, dena delako arrazoiagatik aretoetara etorri ezin diren pertsona guztiengana iristeko.
Gure identitatea eraikitzeko eta geure burua nahieran birpentsatzeko eta berrasmatzeko aukera ugarietan jarri nahi du fokua Zinegoak 2022k. Alegia, nor garen eta geure burua nola izendatu nahi dugun erabakitzeko askatasuna eta zilegitasuna aldarrikatzeaz ari gara, betiere begirada irekia ezarrita sexu-aniztasunaren, orotariko orientazioen, genero-identitatea eraikitzearen edo sexualitatearekin loturiko edozein elementuren gainean. Horixe bera islatzen da aurtengo edizioko irudian ere: hainbat kartelen bitartez, geure burua izendatzeko eta/edo horretarako modu berriak sortzeko aukerak ematen zaizkigu, inposatutako etiketarik gabe bizitzeko gonbidapen gisa.
Bestalde, gure inguruan zein munduan zehar sexu-aniztasuna ukatzen, baztertzen eta itotzen jarraitzen duten mekanismoak salatzen segituko dugu edizio honetan. Ideia horiek guztiak biltzen dira Zinegoak 2022ko programazioan: Sail Ofizialeko filmetan, film laburren zikloetan, pieza eszenikoetan eta Bilgune esparruetan, eztabaidarako eta gogoetarako guneak diren heinean. Hainbat bizipen trans, lesbiko, gay, queer eta ez-binariok aldatzen gaituzten, interpelatzen gaituzten, laguntzen diguten eta erreferente bihurtzen zaizkigun deseraikitze-prozesuen errealitateak erakutsiko dizkigute. Jatorrira itzultzea, geratzea, geure burua ezagutzea, ihes egitea eta geure burua berrestea (Moneyboys, Piccolo Corpo, Nudo Mixteco); sexu-grina ernatzea, geure burua ikustea, geure burua ezagutzea eta gainerakoak ikustea (The First Death of Joana; Moon, 66 questions); fantasia eta beste mundu batzuk asmatzeko aukera (After Blue [Paradis Sale]); edo pertsona askok jazarpenerako egitura hegemonikoak desegiteko egiten duten borroka (Nos corps sont vos champs de bataille): horra jaialdian gozatuko ditugun 2021eko produkzioetako batzuk.
Aurten, gainera, GIB errealitateak dakartzaten zenbait titulu ere badakartzagu, 40 urte iraun duen pandemiaren testuinguruan, hala nola Wojnarowicz: F**k you f*ggot f**ker (2020) edo Feast (2021), biak ere gaixotasun horren gainean egin den «moral eta epaiketa sozial»ari buruzko gogoeta artistiko eta kritikoak; edo Women Do Cry (2021), GIBak 19 urteko emakume batengan sortzen duen estigmaz diharduena.
Ez nuke azpimarratu gabe utzi nahi gure ohorezko saria: Albertina Carri argentinar ekoizle, gidoilari, artista, aktibista eta zuzendaria sarituko dugu, Latinoamerikako eta Europako zinemagilerik entzutetsuenetako bat. Haren azken filma, Las hijas del fuego (2018), jaialdian izan genuen, gorputzak eremu politiko gisa arakatu eta identitateekin, sexualitatearekin eta plazerarekin lotzen dituen proposamena.
Aipagarria da, halaber, profesionalentzako ZG/PRO esparrua, LGTBI+ sorkuntza berriei eta lanerako eta informazioa trukatzeko nazioarteko sareak eraikitzeari babesa eman nahi diona.
Horrez gain, kulturaren eta zinemaren bitartez aniztasuna aldarrikatzen eta ikusgai egiten duten jarduerak sortzeko apustu sendoa izaten segitzen du ZG Hedapena ekimenak. Euskal Herriko ahalik eta herri gehienetara iritsi nahi dugu, eta, pandemiak dakartzan zailtasunak zailtasun, babes eta konpromiso irmoa erakusten jarraitu.
Aurten ere, Lekeitio izango da jaialdiaren bigarren egoitza, eta aurtengo nobedadea Portugaleteko Zinegogoak izango da, goizetako zinema-saioen bitartez ikastetxeetara hurbildu eta prestakuntza bultzatzeko ekimen berria.
Niri dagokidanez, ilusio eta konpromiso handiz heldu diot jaialdiaren zuzendaritza artistikoari, aurtengo edizioa topaketarako, gogoetarako eta sentsibilizaziorako esparru bat izan dadin, betiere aniztasuna aldarrikatuz. Gonbidatuta zaudete, eta espero dut jaialdiaz gozatzea, Zinegoakeko lantaldeak esfortzu eta grina handiz lan egin baitu lana aurrera ateratzeko.
Alaitz Arenzana Letamendi
Zuzendari artistikoa