Zinegoakek intersexualitateari eta Afrikan lesbianismoa aldarrikatzen duten lanei eman dizkie aurtengo sari nagusiak

Zinegoakek intersexualitateari eta Afrikan lesbianismoa aldarrikatzen duten lanei eman dizkie aurtengo sari nagusiak

Zinegoakek gaur jakinarazi du nortzuk diren edizio honetako saridun nagusiak. Film bik lortu dituzte aurtengo sari nagusiak: Wainuri Kahiuk zuzendutako Rafiki pelikula keniarra, eta Floriane Devignek zuzendutako Ni d’Éve ni d’Adam. Une histoire intersexe. Azken lan honek intersexualitatearen gaia lantzen du, eta DOK saria lortzeaz gain, Aniztasun eta Giza Eskubideen Sari nagusia ere lortu du.

“Orain dela hiru urte ezin nuen gai honen inguruan berbarik egin, eta gaur egun sari bat jasotzen ari naiz hemen”. Berba hauekin Mathildek, irabazi duen dokumentalaren protagonistak, eskertu nahi izan du jaso duen saria. Lan hau programazioko altxorretako bat izan da, eta proiektatu den bi saioetan, publikoa harrituta irten da, LGTBI letretako “I” horrek ezkutatzen duen guztia ulertu ahal izan dutelako.

Rafiki izan da beste protagonista nagusia. Zuzendaritzarik Onenaren Saria lortu du, eta gainera, Lesbianismo eta Generoaren Saria alde batetik, eta Aniztasuna eta Giza Eskubideen Saria bestetik, lortu ditu. Rafikik saio bi izan ditu, eta bietan aretoa leporaino egon da, 300 ikusle baino gehiagorekin.

Fikziozko lanik onena, ex-aequo, honakoentzat izan da: Alvaro Delgado-Apariciok zuzendutako Retablo lana eta Natasha Merkulova eta Aleksey Chupovek zuzendutako The Man Who Surprised Everyone. Epaimahaiak azpimarratu duen bezala, “biek oso eszena zainduta daukate, eta oso modu zehatzean teorian atseginak diren munduak islatzen dituzte. Baina mundu horrek bortizkeria gordina eta latza ezkutatzen du, eta protagonistek LGTB kolektibotik harago doan gatazkari eta muga guztiei aurre egin behar diete”. FIK saileko gidoi onenaren saria Yen Tanek gidatutako 1985 lanak jaso du, “gazte baten drama pertsonal eta familiarrean tentsioa eta emozioa batzeagatik, LGTB komunitatearen momentu historiko eta gogor batean”.

KRAK sail berriari dagokionez, Pelikularik Onenaren Saria ex-aequo bi lanek lortu dute: alde batetik, Bertrand Manricoren Les Garçons Sauvages, “atmosfera onirikoa eta magikoa lortzeagatik, eta eszena ideia politiko baten menpean sortzeagatik: munduaren salbazioa feminizazioaren bidez”; eta bestetik, Evangelia Kraniotiren Obscuro Barroco, “bere proposamen estetikoagatik eta Brasileko erreferente bi lan bakar batean lortzeko gaitasuna izateagatik: Clarice Lispectorren literatura eta Luana Munizen lana”.

Euskal Aktoreen Batasuneko Epaimahaiak, Felix Maritaud aktoreari eman dio Antzezpen Onenaren Saria, Sauvage lanagatik, “benetako pertsonai bat antzezteko gaitasunagatik, bere ezaugarri guztiekin, egoera guztiak maisutasunez landu dituelako, nahiz eta pertsonaiak muturreko egoerak bizi”.

Bigarren Mailako Antzezpenik onena Natalya Kudryashovak eskuratu du, The Man Who Surprised Everyone lanagatik, “kontraesanez beteko pertsonaia antzezteagatik, bere eboluzioak aldi berean ulertu eta baztertzea lortzen duelako, egunerokotasunean maitasun eta errealitatearen arteko eztabaida sortuz”.

Publikoaren Sariari dagokionez, boto gehien eskuratu duen film laburra Anders / Something about Alex izan da, Reinout Hellenthalek zuzenduta. Sari honek Euskaltelen babesa du.

Aurten lehenengo aldiz, Zinegoakek Senior Epaimahai bat izan du, pertsona erretiratuek osatutakoa. Euren erabakia Oasis lana saritzea izan da: “Laburmetrai honetan bakardadearen aurrean pertsona ezezagun, guztiz ezberdinak eta baztertuen artean sortzen den elkartasuna eta samurtasuna adierazten da”. Horrez gain, aipamen berezia eman diote I hate pink lanari, “bere zentzu pedagogiko baikorragaitik eta umeen garapenerako familiak duen garrantzia adierazteagatik”.

Azkenik, Gazte Epaimahaiak bere saria Carolina Markowiczek zuzendutako O Órfao lanari ematea erabaki du, “protagonistak argi uzten duelako arautik kanpo bizi daitekeela. Korrontearen kontra bizi direnek besteei bidea egiten dietelako”.