ZINEGOAKek URTE OSORA ZABALDUKO DITU JARDUERAK

ZINEGOAKek URTE OSORA ZABALDUKO DITU JARDUERAK

ZINEGOAK365 (ZG365) ekimen berria da, Bilboko LGTB Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak abiatutakoa, emanaldiak, zinema eta kultura -gizarte eraldaketarako tresnak- jaialdiak irauten duen egunetara bakarrik ez mugatzeko asmoarekin.

Pasaden apirilaren 26an, ikusgarritasun lesbikoaren egunaren harira, eta “Sare Lesbianista”rekin elkarlanean eta Pikara Magazinen laguntzarekin, Zinegoakek “CHAVELA” dokumentala eskaini zuen doan. Arrakasta itzela izan zuen eta “aretoa beteta” irakur zitekeen sarreran.

Aste batzuk geroago, Pikara Magazinekin elkarlanean berriro ere, eta Munduko Medikuak elkartearekin batera, “Anak Anak Sri Khandi” pelikularen emanaldia antolatu zuen Erlijio eta Genero Aniztasunari buruzko Jardunaldien barruan.

Zinegoak jaialdiaren jarduera berria da ZINEGOAK365. Horren bitartez, lan zinematografikoak urte osora zabalduko dira, sexu-, identitate- eta genero-aniztasunaren inguruan lan egiten duten kolektibo, elkarte eta kultur eragileen lana osatzeko asmoz.

«ZINEGOAK365 ekimenaren bitartez, jaialdiaren emanaldien espiritua urte osora hedatzeko asmoa dugu», azaldu du Zinegoakeko zuzendari Pau Guillenek. «Beste elkarte eta kolektiboen jarduerak sendotzeko asmoa ere badu ekimenak. Horretarako, modu koordinatuan lan egingo da, emanaldiak jarduera horien osagarri bihurtuz eta, horrela, indar handiagoa eginez sexu-, identitate- edo genero-aniztasunari buruzko ekintzak zabaltzeko garaian.»

Hurrengo emanaldia ekainaren 27an izango da, sexu askapenerako egunaren harira.

Bestetik, ekimen honi esker posible izango da jaialdiaren hautaketa prozesuan parte hartu ezin izan duten (datak direla eta besteak beste) filmak eskaintzea.

«Etengabe handituz doa LGTB gaia kalitatez jorratzen duten filmen ekoizpena, eta, halabeharrez, lan on batzuk egitarautik kanpo geratzen dira. Ekimen honi esker, film eta dokumental interesgarriak eta kalitatezkoak eskainiko ditugu eta, bide batez, sexu-aniztasunean jarriko dugu arreta zinema eta kulturaren bitartez».

ZINEGOAK365 Zinegoak jaialdiak abiatuko dituen jardueretako bat da. Izan ere, asmo berriak ditu, eta kultura-kudeatzaile gisa ere arituko da hemendik aurrera.