Ez gizon, ez emakume, muxe!

Ez gizon, ez emakume, muxe!

Ez gizon, ez emakume, muxe!

Aurtengo kartelak lotura izango du genero identitate eta adierazpenarekin.

Bilboko LGTB nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdiak aurtengo edizioko kartela aurkeztu du gaur, urtarrilak 11. Zinegoak jaialdiak 14 urte beteko ditu aurten, eta edizio honetako kartelaren protagonista muxe bat izango da.

Orain arte, Zinegoak-eko kartelek beti egon dira lotuta sexu-orientazioarekin (gay, lesbiana, bisexual) edo transexualitatearekin (iazko kartela, adibidez). Aurten kartelak genero-identitatearekin eta genero-adierazpenarekin lotura izango du. Izan ere, jaialdiaren helburuetako bat horrelako kontzeptuak (nortasuna, rolak, genero-adierazpenak…) publiko orokorrari helaraztea izango baita.

Kartelaren izarra, beraz, muxe bat izango da. Tehuantepec lurraldeko zapoteca kulturak aspalditik onartzen du hirugarren genero hau bere gizartean. Ez dira emakumeak edo gizonezkoak baino hobeagoak edo txarragoak; ezberdinak dira, eta berezitasun propioak eta ezberdinduak dituzte. Hainbat kultura zaharretan, oso ohikoa da hiru edo bost genero ezberdin onartzea.

Kartelean agertzen den argazkia Nuria Lopez Torres argazkilari kataluniarraren lana da. Lopez Torresek batez ere horrelako gaiak landu ditu bere lanetan: generoa, nortasunak, bortizkeriak, sexualitateak… Karteleko protagonistak, argazkian agertzen denak, “Estrella” du izena, eta aipatutako lurraldean bizi da.

Zinegoak jaialdiko zuzendari Pau Guillenek azaldu duen moduan, “jende asko harrituta egon daiteke gizonezko edo emakumeetatik haragoko generoez berba egiten dugunean. Gure inguruko herrialde askotan binarioak ez diren generoak onartzen dira modu ofizialean”. Alemanian, Australian edo Nepalen, besteak beste, dokumentu ofizialetan genero neutroak hautatzeko aukera dago.

Karteletik harago, Zinegoak jaialdiak genero-aniztasunarekin lotutako hainbat gai landuko ditu aurtengo edizioan: “Gaietan izan dugun eboluzio hau presente egongo da jaialdia osatzen duten lanetan ere. Gai afektiboak bakarrik landu beharrean, gero eta interes handiagoa dago genero-identitatearen eraikuntzarekin lotura duten gaietan sakontzeko”.

Zinegoak aurten otsailaren 20tik martxoaren 5era arte ospatuko da, otsaila aniztasunaren hilabetea bihurtuz. Bilboko hainbat gune kultural (Bilborock, La Fundición, BBK Aretoa, Kafe Antzokia, BilbaoArte…) zinemaz, arte eszenikoez eta kulturaz beteko dira.