bizi /La Furia
“Erreferente izatekotan, kontraesanaren eta zalantzaren erreferente izan nahi dut”
"Rap-a eta beste hainbat gauza egiten dituen feminista bat”. Horrela definitzen du bere burua Nerea Lorónek, ‘La Furia’ ezinenez ezaguna. Bollera erreferente izatetik traidorea izatera pasatu zen. Lesbianismo politikoa aldarrikatzen jarraitzen du, baina aldean daramatza bere desirek doktrina hau desobeditu izanaren lotsa eta pisua. Onartzen du, halaber, oraindik bi izatearen inguruko hainbat aurreiritzi ez dituela desegin, esaterako, identitate epelagoa dela, aldarrikapenerako ahalmen gutxiago duela, eta ez dela bollera bezain punkia. Bere buruarekin eta kide bisexualekin elkarrizketa asko izan behar eta izan nahi ditu, bere izatea errekonozitu eta etxe berri honek ere oinarri sendoak dituela sentitzeko.
Zer iradokitzen dizu “bisexualitatea” hitzak?
Nire bizipenetara narama zuzenean; baina, paradoxikoki, oso urrun sentitu dudan kontzeptua da. Nahiz eta nire burua islatuta ikusten dudan beste batzuek idatzitako testuetan. Nire teorizazio prozesua bollera izaeratik egin baitut nire praktikak bisexualak izan diren arren. Hor zerbait ez dator bat. Inoiz ez naiz bollera gisa izendatu mutilekin egon naizenean, baina beti izan dut heteroa ez naizela esateko premia, baita nire bikotekideekin ere. Baina inoiz ez zait burutik pasa «bisexuala naiz» esatea.
Barneratutako bifobia sumatzen duzu joera horretan?
Bai, orain hori esan dezaket. Hasieran, bisexualitatea nire testuinguruan agertu zenean, izendatu nahi ez zen jendearen moda bat zela pentsatzen nuen, guay izatera jolasten zuen jende epelarena. Pentsatzen nuen emakume bisexualak guayarena egin nahi zuten heterak zirela, edo armairutik irtetera ausartzen ez ziren bollerak zirela.
Nire bizitzan funtsezko gauza bat neure burua definitzea da; eta orduan erabaki nuen bollera izatea posizio politiko gisa, heterosexualitateak gauza negatibo asko dituelako emakumeontzat.
Borja Muñoz Arrastiak esan digu bera bisexuala dela modu deskritibo batean, baina marika dela bere identitate politikoa, konfrontatiboagoa iruditzen zaiolako. Bat al zator berarekin?
Apur bat identifikatuta sentitzen naiz, bai. Orain beste toki batean nago, baina aurretik negoen lekuan erabili izan dudan argudioetako bat hauxe izan da: «Nik ez dut inoiz diskriminaziorik sentitu kaleanmutil batekin eskutik helduta joan naizenean. Orduan, gizarteak zer da ondo ez daramana nirekiko, bisexuala izatea edo emakumezko bikotekideak izatea?» Baina gero, bolleren testuinguruetan, tipo batekin bazaude, bollera traidorea zara; eta ni horixe izan naiz, erabat.
Hori bai, gauza desberdinez ari gara, zeren ez da gauza bera fokua leku hegemonikoan jartzea edo erresistentzia lekuan jartzea.
Zer iruditzen biziosa identitate konfrontatibo moduan?
Gustatzen zait. Kontatu nirekin horretarako!
Oso garrantzitsua da honetan feminismoa presente egotea, ez gaitezen izan «lesbiana, gay eta bisexualak” baten parte, baizik eta «bollera, marika eta biziosak» baten parte.
Leku hegemonikoetan ere gertatzen dira gauzak. Elisa Collen arabera, emakume bisexualok genero indarkeria eta sexu indarkeria gehiago pairatzen dugu.
Nik hori ez dut bizi izan, agian ez ditudalako bikote harreman luzeak izan gizonekin. Mutilekin izan ditudan harremanak oso gaztetan edukitakoak dira eta erabat suntsitzaileak izan dira; edota, kontrara, heldutasunean izandakoak eta ondo aukeratutakoak. Gehien pisatzen didana da denbora guztian atera behar dudala heteroa ez naizela dioen karteltxoa. Ez daramat batere ondo heterosexual gisa irakurria izatea.
Nola adierazten duzu heterolandian bisexuala zarela?
Ezagutzen ez nauten leku batera iristen naizen bakoitzean, berehala esaten dut: «Ba nik Granadako neskalagun bat izan nuen» edo antzeko zerbait. Iritsi bezain pronto mahai gainean jartzen dudan zerbait da. Era berean, argi eta garbi hitz egiten dut heterosexualitateak emakumeontzat suposatzen duen kakazahar eta atzerapenaz… Edo «gizonekin harreman bisexualak izateak” esan beharko nuke? (barreak)
Izan ere, heterosexuala al da zuk gizon batekin duzun harremana?
Ez, ez. Baina tipa eta tipo baten harreman sexuafektiboak heterosexualitatearen antz handia du. Feminista izatearen gaia ere nahasten da, feminismoa eta harreman heterosexualak ez direlako ondo konpontzen. Lan handia egin behar da. Niri, adibidez, argia ematen dit bisexuala izateak, izendatzeak, gizon batekin harreman batean egonda.
Ez da gauza berdina zure herrian bizitzea bertatik irten ez zarenean edo, bidaiatu ondoren, hor bizi nahi duzula erabakitzea.
Lesbofeminismoan sinesten duzu oraindik ere ala arriskutsua da, desira zigortzen duelako?
Biak! Niretzat problematikoa da, konturatu bainaiz neskekin harremanak izan ditudanean ez dudala inoiz aitortu nire bisexualitatea.
Zera pentsatu izan dut: «Eta inoiz tiporen batek erakartzen banau, nola azalduko dut?» Gizonekin harremanetan nagoenean, ordea, beti jartzen dut mahai gainean bisexuala naizela.
Tabu bat da azkenean. Giro queerretako diskurtsoa da bollera izan zaitezkeela eta nahi duzunarekin liatu, baina ez da guztiz egia.
Erabat. Baina neurri batean ulertzen dut! Niri ere gertatu baitzait lagunen bati buruz hori pentsatzea: «Zergatik zoaz tipo batekin?» Sentitzen duzu galduko duzula! Horregatik nago neure buruarekin eta besteekin elkarrizketa asko izateko beharrarekin.
Nola daramazu bollera traidorea izatea?
Oso gaizki. Batetik, nere buruarekiko; eta baita beste testuinguru jakin batzuetan ere. Utzi behar izan ditut lehen nireak sentitzen nituen espazio asko.
Ohikoa da: norbaitekin harremana uzten duzunean, bere ingurutik joaten zara prozesu mingarriak ez oztopatzeko. Baina konturatu naiz lotsa puntu batengatik ere izaten dela, bikotekide neska izatetik, bikotekide mutil zisa izatera igaro naizelako.
Niretzat errazagoa da bisexualitatea mahai gainean jartzea nire bikotekidea gizon bat denean. Bolleren espazioetan honela egin beharko nuke: «tira, tara hau daukat». Izan ere, horrela ikusten dut nik neuk ere!
Lesbiana asko maitemintzen dira emakume bisexualekin baina haientzat traumatikoagoa da gizon batekin joaten bagara. Pentsatu ohi da beti aukeratuko dugula pribilegioa.
Hori berori neure buruari esan diot nik, ez da beharrezkoa beste inork niri esatea. Gainera, nire kasuan, ama izan naiz gizon batekin. Ez dago atzera bueltarik. Lokatzetan leporaino sartu naiz. Horretan ere bifobia barneratua dudala uste dut.
Mito batzuk aipatu ditugu: moda friboloa dela, epela… Beste batzuk ere badaude: fase bat dela, praktikak izan behar dituzula, biziosak garela… Horietatik baten batek eragin dizu?
Bai, horiek guztiak esan dizkiot nik nire buruari. Nire baitan pisurik handiena izan zuena zera izan zen: ezin dela bisexuala zarela sinestea, ez daudelako bi genero bakarrik. Izatekotan pansexuala izango nintzela uste nuen, pertsona ez-binariosk gustatzea posible zelako. Orain argudiatu dezakegu hau, baina orduan ez. Fasearena ere sentitu izan dut.
Nola egin ahal dugu bisexual identitatea erakargarriago? Komunitatea sortzea da gakoa?
Noski baietz. Eta egiten gaude, ezta? Baina ez naiz guztiz honen parte sentitzen, bollerak entzuten jarraitzen dut eta pentsatzen dut: «Hauek dira nireak!». Pixka bat punkiagoa iruditzen zait bollera izatea. Hori bai, Cris Lizarragak modari buruz idatzitako artikulu bat irakurtzean guztiz identifikatuta sentitu nintzela. Erabat errekonozituta ikusi nuen nire burua bere hitzetan. Orain, batzuetan ispiluan begiratzen naiz eta esaten dut: «Oso bisexuala naiz!». Estetikaren gaiarekin ere azkenaldian asko aipatzen den luma bi hori nabaritzen hasia naiz nigan.
Badirudi bisexualitatea desirara mugatzen dela, baina izaerarekin zerikusia duten joerak identifikatu ditugu, hala nola, zalantzatiak eta kontraesankorrak. Identifikatzen al zara?
Bisexualok ezleku batean sentitu gara, leku batean edo bestean enkajatu nahian. Baina garen hori izatea ondo dagoen leku bat badago (sortzen ari gara). Eta hori itzela da!
Erabat polarizatutako mundu batean bizi gara, eta hori feminista teorikoek esaten dute: bi alderdi egon behar dira batak boterea gauzatu ahal izateko bestearen gain. Baina bisexualitatea binomiotik irtetzea da.
Eskertzen dut gertatu zaidanari buruz hitz egiteko aukera izatea, epaitzen ez nauen jendearekin. Haiei ere antzeko gertatu zaiela entzuteak lagundu dit ulertzen horren atzean egiturazko zerbait dagoela, zerbait estrukturala.
Mugimendu feminista bada espazio bat bisexualitatea bizitzeko, baina diskurtsoan gailendu da “bollera da bide bakarra”. Aldarrikatu beharko genuke bisexualitatea ere badela beste aukera bat feministontzat?
Feminismoan beti dago eztabaida, eta beti daude ateak irekita. Ez nuke nahi bisexualen eta bolleren arteko konfrontazio baterantz jo. Espazio bolloak ni gehien izan naizen guneak dira; neu izan naizen lekuak, zaindu nauten lekuak… Samurtasunez ulertu behar dugu bollerak denbora asko daramatela biolentziari aurre egiten, eta denoi lekua egin digun diskurtso politikoa artikulatzen. Aldi berean, arreta deitzea ere dagokigu, ez dezaten ahaztu existitzen garela.
Zer gai sartuko zenuke aktibismo biaren agendan?
Amatasuna. Nola hezi hortik… Tipa bisexual bat tipo hetero batekin dagoenean, amatasuna hetero bihurtzen da harremanari dagokionez, arlo sozialari dagokionez… Nik ahaleginak egin behar ditut nire umeak ezagutu ditzan heteroak ez diren edo hala ez diruditen familiak. Interesgarria litzateke diskurtso bat artikulatzea honen inguruan, eta, horretarako, lehendabizi elkartu egin behar gara, eta elkartzeko, ikusgarri egin.
Marika eta bollera komunitateek indarra dute kultura dutelako. Nola sortu kultura bia?
Niretzat kultura tabernetan hasten da. Bertako topaketetan, musikan. Mariken edo bolleren tabernek, komunitateak sendotzeko balio izsnndite, taldearen parte izatearen sentsazioa indartuz.
Bi izatearekin lotzen dugun musika eta estetika ere ikusgarritzen dago dagoeneko. Halaber, garrantzitsua da jardunaldiak egitea, teorizatzeko topaketak egitea, leku seguruetan partekatzeko aukerak sortzea. Horrek erraztu egin du gazteak bisexual gisa definitzea, bollera fasetik igaro behar izan dugunon aurreiritzirik eta konplexurik gabe.
Nik Chanel ikusten dut Harrotasun Egunean eta pentsatzen dut: «Bai zera, zer diozu!…”. «Bollera naiz» esaten ez badu, ez zait iruditzen inungo armairutik irteten ari denik. Nik halan pentsatzen badut, bisexualitatea gorpuztuta ere, zer pentsatuko dute gainerakoek?
Monosexismoak sexu askapena mugatzen du. Adibidez, gustuko badugu mutil bat, baina marika gisa definitzen bada edo luma badauka, ez dugu berarekin ligatuko.
Nik mutil bisexualak ez ditut ikusten. Zenbat aldiz esan ote dut lumadun tipo bati buruz, tipa batekin ezkonduta egonik: «Ai ama, baina marikoia da eta!».
Agian azpimarratu behar ditugu bisexualon indarguneak. Esaterako, monosexismoak zisexismoa eta transfobia errazten dute. Gu, ordea, askotariko gorputz eta generoekin harremantzen gara.
Ikusten duzu? Nire argudio eskas guztiak mahai gainean jarri behar ditut, eta norbaitek kontra egin diezadala. Hainbeste denbora daramat zama horrekin… Badakit leiho hau irekitzen badut etxe bat aurkitu dudala, haize freskoarekin, eta bertan izan ahalko naizela. Gero ikusiko dugu zein pisu politiko duen. Baina, horretarako, niretzako bi izateak izan duen epeltasun irudi horrekin apurtu beharra daukat.
Eta, hala ere, hemen zaude, badakizulako ezaguna zarela eta erreferente izan zaitezkeela.
Horregatik ematen dit errespetua eta beldurra hau egiteak. Hitz egin genuen lehen aldian, ez nintzen prest sentitzen, eta orain ere ez. Nire aurpegia, gorputza eta ideiak jarri nahi ditut, erreferente izatekotan kontraesanaren eta zalantzaren erreferente izateko, ez besterik. Hau ez delako ezer txarra, gizatiarra eta zilegia baizik. Ongi etorriak kontraesanak beraz, mugimendua dagoenaren seinale dira eta!