Clarisa Navas zuzendaria, gidoigilea, ekoizlea, irakaslea eta idazlea da, Argentinan jaioa. Klase- eta genero-begirada sakoneko zinemagintza jorratzen du, pasioz eta konbikzioz, sormen kolektiboko prozesuak eraldaketaren giltzatzat eta eragiletzat jota. Zinema «kokatua» lantzen du, toki jakin batean kokatua (Corrientesen, bere sorterrian, Argentinaren ipar-ekialdeko probintzian). Horri esker, intelektualetik harago doan ezagutza batetik sortzen du, hots, larruazaletik, lurretik, emoziotik eta sentipenetatik azaleratzen den ezagutza batetik. Konkretutik abiatzen da, ikus-entzuleekin modu unibertsal batean konektatzeko.
Haren Hoy partido a las 3 (2017) eta Las mil y una (2020) fikziozko film luzeak emakumeei, giza harremanei, aniztasunari eta ezarritako eredu eta arau sozialen bazterretan geratzen diren bizipenak garatzeko borrokari eskainitako kantuak dira.
Sortzaile polifazetiko hau Ikus-entzunezko Arteetan lizentziatua da, Arteen Unibertsitate Nazionalean (UNA). Bestalde, irakasle dihardu Esperimentazioaren eta Zinema Errealizazioaren Eskola Nazionalean (ENERC); proiektuak garatzeko ABC atala zuzentzen du Buenos Airesko Zinema Independentearen Nazioarteko Jaialdian (ABC BAFICI), eta, 2010az geroztik, Yaguá Pirú Cine kolektiboko kidea da, Argentinaren ipar-ekialdean eta Paraguain zinema egiteko beste modu batzuk asmatzeko proiektu bat.
2011n, bere lehen film luze dokumentala egin zuen, Retratos de otro país, eta hari esker ezagutu zituen Argentinako urrutiko hainbat toki: komunitate indigenak, landa-eremuko herriak, eta sistema instituzionaletik kanpo antolatzen diren beste hainbat gizarte-ingurune. Proiektu haren eraginez, zalantzan jarri zuen zinemaren gainean zeukan ikuspegi politikoa eta berak eman nahi zion zentzua. Haren lan guztiei darie jendearekiko pasioa, emakumeekikoa batez ere, baita mugarekikoa ere, zeina identitateak urtzeko eta benetakotasunera ailegatzeko espazio bat baita berarentzat: besteak beste, Los guarangos (2012) dokumentalean, Mujeres entre fronteras telesail dokumentalean (2018-2017) edo Río atrevido fikziozko telesailean (2022).
Hoy partido a las 3 dokumental gisa sortu zen hasieran, eta, gero, protagonisten gogoberotasun kolektiboari esker, fikzio bilakatu zen. Protagonista guztiak Clarisaren futbol-taldeko eta gertuko beste talde batzuetako jokalariak dira, eta kirol horretan aritzen diren emakumeek zer zailtasun dituzten kontatzen dute. Ez hori bakarrik, baizik eta baita ere emakumeak nola erlazionatzen diren eta nola antolatzen diren zailtasunak gainditzeko, bai kirolean, bai eguneroko bizitzan, betiere begirada alai batez.
2020an, Clarisa Navasen Las mil y una fikziozko film luzea Berlinale Berlingo Nazioarteko Zinema Jaialdiaren inaugurazio-ekitaldian proiektatu zuten. Las Mil, hain zuzen, Corrienteseko auzo baten izena da, eta han hazi zen Clarisa bera. Filmari esker, auzora itzuli, eta emozionalki gorpuztu zen tokietan barrena ibili zen. Sorkuntzarako konpromisoak bultzatu zuen, berriz ere, toki horiek istorioak eraikitzeko abiapuntu gisa aukeratzera. Gogo-bihotzez bizi izandako emozioez elikatzen da, «barrutik kontatzeko»; izan ere, barru horretan bakarrik sentitzen du ikuspegi eta kontakizun benetako eta zintzoak eraikitzeko zilegitasuna. Maitasunezko, adiskidetasunezko eta senidetasunezko bizipen horiek elikatzen dute film saritu hau.
Clarisa Navas oraingo eta etorkizuneko erreferentzia bat da. Zinema eta mundua ulertzeko modu bat, espazio bizigarriagoak bizitzeko aukera ematen diguna, nahiz eta gogorrak eta biolentoak izan: azken batean, izateko eta egoteko beste modu batzuk erakusten dizkigu. Zinegoak jaialdian, haren lan artistikoa eskertu eta konpromiso politiko eta soziala aitortu nahi diogu, eta, horren erakusgarri, gure saririk handiena emango diogu aurten.