Zinegoakek Ekainaren 28a aldarrikatuko du rap lesbiko eta trans kabaretaren bidez
- ALBISTEAK
- 05/06/19
Zinegoakek Ekainaren 28a aldarrikatuko du rap lesbiko eta trans kabaretaren bidez
Zinegoakek Ekainaren 28a aldarrikatuko du rap lesbiko eta trans kabaretaren bidez
Ekainaren 28aren harira zinema ziklo berezia antolatuko du Zinegoak elkarteak datorren asterako. Dokumental bi egongo dira ikusgai: “I hate New York” trans mugimendu underground-aren inguruko lana, eta “Silvana”, Suediako rapeatzaile lesbiana eta feministaren ingurukoa.
Proiekzioak ekainaren 26an eta 27an izango dira, 19:30ean, Bilborock aretoan, eta sarrera doakoa izango da. Ekimen hau 365ZG egitasmoaren baitan kokatzen da, urtean zehar Zinegoak elkarteak antolatzen dituen jardueren baitan, hain zuzen ere.
Ekainaren 26an, asteazkena, “I hate New York” lanaren proiekzioa
Gustavo Sanchezek egindako dokumental hau munduko jaialdi garrantzitsuenetan hautatua izan da, eta harrera oso ona izan du. Bertan, lau artista eta ekintzaile transgeneroren bizitza agertzen da: New Yorkeko mundu underground-ean bizi dira, eta bertatik bertara euren bizipenak agertzen dira. Filmean ikusten den bezala, protagonistak aktibismo, parranda eta nightcluben artean bizi dira.
Pelikula honen hari nagusia soinu banda da. Hainbat egileren abestiak topatuko ditugu: Arca (gaur egungo eszenaren egile ikusgarrienetakoa), Ryuichi Sakamoto (Oscar baten irabazlea), Alva Noto (musika esperimentalaren erreferentzia handi bat), Sharon Needles (drag abeslari ikonikoa) edo Transisters (punk-rock taldea).
Ekainaren 27an, osteguna, “Silvana”-ren txanda
Silvana rapeatzailea Eskandinaviako herrialdeetan jaun eta jabe egin da, errepresioaren kontrako bere abesti errebeldeei esker. Queer komunitatearen ikono bihurtu da, eta bere burua hiru ezaugarrirekin definitzen ditu: arrazismoaren kontrako militantea, lesbiana eta feminista. Dokumental honetan bere ibilbidearen lehenengo urteak aztertzen dira: underground artista bat izatetik gaur egungo ikono bat bihurtu arte, milaka nerabe eta jarraitzaileren arreta lortuz.
Lanean ikusten den bezala, Silvana Beatrice Eli pop abeslariarekin maiteminduko da. Maitasun istorio honetan ikusiko da, Silvanak dioen bezala “hemen ez dago superheroirik, gizakiak gara, besterik ez”.
Silvanaren istorioa unibertsala da, eta norbera izatearen indarra aldarrikatzen du. Dokumental honek narrazio berriak ikertzen ditu, eta helburu argi bat du: iraultza bultzatu nahi du, emakume gazteak sortzaile, artista eta etorkizuneko liderrak bihur daitezen.