ZG/PRO – INDUSTRIA ETA ANIZTASUNA

Osasun-egoerak aretoetako ikusle kopurua murriztea eta oro har ekoizpena geraraztea ekarri duen honetan, leku berezia egin nahi diegu queer zinema garatzeko eta ikusgai egiteko lan egiten duten espazioei. 

Lehen edizioaren arrakasta ikusita, sexu-aniztasunarekin eta ikus-entzunezkoen industriarekin konprometituriko zinemaren aldeko apustua berretsi du Zinegoak-ek, eta, hala, ZG/PRO ekimenaren ardatza ekoizpena izango da, hala sortzaileen ideiak sustatzen eta elikatzen dituzten espazioak, nola banaketa-plataformak.

Hasteko, topaketa bat antolatu dugu hainbat diziplinaren ikuspuntutik LGTBI+ pertsonen istorioei eta ikus-entzunezko lan batek eskatzen duen zorroztasun profesionalari balioa ematen dieten erakunde eta enpresetako ordezkariekin, ahaztu gabe plataforma digitalen abantailez baliatuz lan egiten dutela.

Horretaz gainera, bi ekimen nabarmenduko ditugu. Batetik, Britainia Handiko Lesflicks plataforma, gai lesbiko eta bisexualei garrantzia ematen dieten lanak ikusteko online kanala. Bestetik, Incoproduction ikus-entzunezko merkatu digitala, finantzaketa eta/edo banaketa bila dabiltzan proiektuak eskaintzen dituena.

Ondoan izango ditugu, halaber, Music Library & SFX 360 º-ko musika-aholkularitzako zerbitzuak ematen dituen enpresa, eta baita Lesgaicinemad jaialdia ere, gure jaialdi laguna, gogoan izanik joan den azaroan ospatu zuela QueerCineLab ideia-laborategi eta LGBTIQ+ zinema-proiektuen lehiaketaren bigarren edizioa.

Ondoren, Work in Progress espazioan, garapen-fase desberdinean dauden LGTB+ ikus-entzunezko proiektuak aurkeztuko dira nazioarteko programatzaileen, tokiko industriaren eta zinema-eskolen aurrean.

Aurten, Euskal Herriko eta Espainiako estatuko hamar lanek parte hartuko dute, eta azpimarratu nahi dugu musika-postprodukzioko sari bat emango dugula, Music Library & SFX-en eskutik. Zehazki, AudioNetwork eta AltMusic ekoizpen-katalogoetan sartzeko tarifa finko bat eta 360º-ko Acorde musika-aholkularitzako zerbitzuak izango dira sariak. Baita musika komertzialen eskubideak negoziatzeko karguen deskontuak eta ikasketetarako eta SFXrako hornidura ere. 1.500 € guztira.

Saria Europa Sur LGTBI+ Jaialdien Nazioarteko Sareko programatzaileek emango dute.

Ikus-entzuleek online ikusi ahal izango dituzte jardunaldi profesionalak, sarrera librearekin, Vimeon daukagun kanalaren bitartez (vimeo.com/zinegoakfestival).

Eguna ixteko, bi proiekzio berezi izango ditugu. Batetik, La Cançó Pop fikziozko film luzea, Raúl Porterok zuzendua, zeinak 2020an ZG/PROko Work in Progress-ean parte hartu baitzuen garatzen ari zen proiektu gisa. Bestetik, Ni Naiz Naizena web-telesailaren lehen kapitulua, trans errealitateei buruzkoa, Izar Films-ek eta Gehituk ekoitzia eta 2019an proiektu gisa aurkeztua.

Bi emanaldiok Azkuna Zentroko Bastida aretoan ikusi ahalko dira, sarrera librearekin, toki guztiak bete arte. Lehena 13:00etan izango da, eta bigarrena, 17:30ean. Ordubete inguru iraungo dute biek.

Eta, azkenik, Europa Sur LGTBI+ Jaialdien Nazioarteko Sarearen laugarren lan-jardunaldia egingo da. Izan ere, bistan denez, Zinegoak-ek LGBTI+ erakunde, ekitaldi eta jaialdiekiko sare eta loturak sendotzen jarraitzen du.

 

ZG/PROren PROGRAMA – Martxoak, 10ean

10:00 – 11:00 Queer Markets & Labs. (Ingelesez; zuzenean gure Vimeo-kanalaren bidez)

11:00 – 13:00 Work in Progress-a. (Online, zuzenean gure Vimeo-kanalaren bidez eta presentziala, publikoarentzat irekia) 

17:30 – 18:30 Ni Naiz Naizena webseriearen aurkezpena; Aitzole Araneta, Izaskun Arandia eta Gehitu elkartearekin.