«Hizkuntzak bizia izan behar du; irakaskuntzan erabili beharko genuke Euskal opil hiztegia». Izaskun Aranbarri

«Hizkuntzak bizia izan behar du; irakaskuntzan erabili beharko genuke Euskal opil hiztegia». Izaskun Aranbarri

“Hizkuntzak bizia izan behar du; irakaskuntzan erabili beharko genuke Euskal opil hiztegia

Eibartik Bilbora jauzi egin zuen Izaskun Aranbarrik 18 urterekin, eta AEKn lanean jardun zuen. Publizitate munduan luze aritu ondoren, egun Guztiok elkartean lan egiten du, irakasleei sexu- eta genero-aniztasunari buruzko prestakuntza ematen.

Aranbarrik hogei urteko bi seme-alaba ditu emakumezko bikotearekin. EHGAMek 2021an Bilbon antolatutako “LGBT+ euskaraz eta euskaratik” solasaldian parte hartu zuen, eta adierazi zuen ohartu dela bere familiak deserosotasun handiagoa pizten duela euskalduna izateagatik, bolloa izateagatik baino.

Lesbiana eta euskalduna zara. Zer harreman sumatzen duzu bi identitate horien artean?

Hainbat urtez ura eta olioa bezala bizi izan ditut. Izan ere, Bilbora bizitzera etorri nintzenean ezagutu nuen mundu bolleroa oso erdalduna zen; nire inguruko mundu euskaltzalea, berriz, oso heteroa. Gogoan dut behin lankide bat gonbidatu genuela etxera. Logela bakarrean ohe bakarra ikusi eta “Elkarrekin egiten duzue lo?” galdetu zigun. Hori askotan gertatu zaigu, jendeak lagunak ginela pentsatzea; ikustezinak izan garelako, pase hori izan dugulako.

Gauzak aldatu dira, edo guk gure ingurua aldatu dugu, gure borrokatxoen bidez. Lortu dugu ikusgarriak izatea eta topatu ditut lagun bollero euskaldunak. Gaur egun, euskaltzaletasunaren barruan bollerok daukagun presentzia zoragarria da.

EHGAMeko KOSA topaketetan esan zenuen eskolako gurasoentzat zure familia deserosoago dela euskalduna izategatik, soropila izateagatik baino.

Seme-alabak izateak behartzen zaitu zuk aukeratu ez dituzun esparrutan sartzera, esaterako, eskola-kirolari lotutakoak. Beti pentsatu dugu txakur berdeak izango ginela bikote ginelako eta, paradoxikoki, konturatu gara euskaldunak izatea dela arraroagoa. Izan ere, bollera zarela ikusten duteneko lehenengo harridura pasatzen denean, hizkuntzak harremana mugatzen du. Batzuetan badirudi komisario politikoaren figura egokitu digutela: euskaraz dakien jendeak guri egiten digu euskaraz, baina besteekin erderaz egiten jarraitzen du. Guztiz erdalduna denarekin ez dago arazorik: “Barkatu, ez dakit euskaraz” esango du eta erdarara joko dugu. Baina badago jende asko euskaraz hitz egiteko gaitasuna duena, baina ez duena erabiltzen, eta horiek bai sentitzen direla interpelatuak.

Lesbianismoari lotutako euskarazko hitzak entzun al dituzu zure sorterrian, Eibarren?

Ez. Nerabetasunean ez nuen erreferenterik, ez emakume, ez gizon. 14 urtekin genuen gimnasia irakaslea beti egoten zen beste emakume batekin. Ikasle batek bota zuen: “Bikotea dira!” Nik esan nuen: “Hori ezinezkoa da!” Horrek eragin zidan ezustekoa gogoan dut! Gainera, Eibarren erderaz ikasi genuen eta, hortaz, lagun artean ere erderaz egiten genuen. Familian bai, baina izendatu ere ez genuen egiten. Oso adierazgarria da hitzak ez egotea, adierazten du ixiltasuna zenbatekoa den.

Aukerarik izan al duzu zure lesbianismoa euskaraz bizitzeko, hausnartzeko edo adierazteko?

Egia da inguru euskaldun batean mugitu naizela, baina nik bilatu ditudalako lagun bollo euskaldunak. Uste dut orokorrean oso gutxi hitz egiten dela sexualitateaz, gorputzetaz eta erotikaz. Ez dakit adin kontua izango ote den. Lagunekin, heldua zarenean, ez duzu ezta masturbazioa aipatu ere egiten. Esan ohi da emakumeok erraztasuna dugula sentimenduei buruz hitz egiteko, baina gorputza eta sexualitatea nahiko gai tabuak dira oraindik ere.

Euskal Herriko mugimendu lesbofeminista oso erdalduna zen hasieran eta denborarekin euskalduntzen joan da. Ados al zaude baieztapen honekin?

Bai, lehen gutxitan entzuten nituen neskak euskaraz hitz egiten. Garrantzia handia ematen diot euskarak duen presentzia publikoari. Halere, ez dut laino beltza izan nahi, baina esango nuke oraindik ere euskarak ez duela prestigio handirik. Oso frustragarria egiten zait gure seme-alabek kalean euskaraz hitz egiten ez dutela ikusteak. Bertso munduan sexu aniztasunak lortu duten ikusgarritasunak milaka kanpaina baino gehiago balio du. Baina irla txiki bat iruditzen zait.

Itzela izan da Saioa Alkaiza Nafarroako bertso-txapelketa finalean lehen agurra pertsona ez-bitarrei, transei, bollerei eta marikei eskaini izana…

Bai, baina Maialen Lujanbioren ekarpena ere nabarmenduko nuke. 2017ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko Iruneko finaularrean, hurrengo gaia jarri zion Maite Berriozabalek: “Dena ondo zihoan, argia piztu den arte”. Berak identitate ez bitarraren definizio perfektua eman zuen bertsotan:  . Horrelako gai bat botatzea, hainbeste jenderen aurrean, ondorio horretara heltzea… Ez da inspirazio kontua, esan nahi du asko pentsatu duela aurretik gaiari buruz, urteetako lan handia dagoela atzean. Geroztik gauzak asko aldatu dira, baina zenbat liburutan irakurri duzu bi lesbiana daudela ohean? Kattalin Miner, Itxaro Borda eta kitto. Ala zer beste erreferente dituzu zuk euskaraz? Buenrollismo asko dago, lesbiana bat jartzen dizute edozein telesaietan eta badirudi dena eginda dagoela.

Zein hitz erabiltzen dituzu lesbianismoa izendatzeko? Saiakerarik egin duzu noizbat lesbianismoari lotutako euskarazko hitzak topatzen edo asmatzen?

Ez, erdarara jo dut. Ez dut asko pentsatu honetaz… Ez gara konturatzen, ikasita ditugu hainbeste hitz… Saiatzen naiz erderazko hitzak ez erabiltzen, ezta ingelesekoak ere. Baina askotan itzulpenak egiten ditugu. Esaterako, “nola irakurtzen zaitudan” hori, itzulpena da, seguruenik ingelesetik egindakoa. Orain bollerak gara, lehen lesbianak. Gaztetan, asko erabiltzen genuen “ulertu” aditza. Gogoan dut Bizkaiko Emakume Asanbladak kamiseta batzuk egin zituela “¿Entiendes, o te lo explico?” esaldiarekin. Guk zer egin genuen? Itzuli.

Gure euskal opil hiztegia ezagutzen duzu. Zer iritzi duzu horren inguruan eta, testuinguru diglosiko honetan, maileguak saihesteko hitz berriak asmatzeko aukeraz?

Ahalegin guztiak ongi etorriak dira, baina hizkuntza batek bizia izan behar du. Oso dibertigarria da hitzak asmatzea, baina nork landuko ditu? Ez dakit zer nolako arrakasta izan dezaketeen. Ez ditut ezaguten bollera gazteen taldeak, ez dakit nola hitz egiten duten… Irakaskuntzan erabili beharko genituzke, zeharka, baita euskara klasean ere. Badirudi aniztasuna tutoretzan soilik landu behar dela. Beti kexatzen naiz materiala falta zaigulako. Proiektu honek beharko luke beste formatuetan gauzatzea, esaterako, zergatik ez duzue opil hiztegiari lotutako ipuin lehiaketa bat antolatzen?