biziLeo Bueriberi

"Bisexualitatea lagungarria izan daiteke generoekiko ikuspegia zabaltzeko eta transfobiarekin apurtzeko"

Monosexualitatea, binarismoa, monogamia eta kolonialismoaren arteko lotura ikusezinak harilkatzen ditu etengabe Leo Bueriberik bere diskurtsoan.

Heldulekuak dira MEMEak Leo Bueriberirentzat. Erantzun asko MEMEen azalpenak izan dira: kontzeptu abstraktu edo pisutsuak irudi bidez, hitz gutxirekin eta umoretik kontatzearena. Bera, halere, ez da hitz gutxikoa. 

Deskribatzeko ere etiketa asko jarri dizkio bere buruari: bisexuala, queerra, arrazializatua, neurodibergentea, migrantea, polimaitasuna praktikatzen dut, promiskua naiz, prekarioa… Zeharkatzen dituen ataka asko elkarlotuta daudela aipatu du, eta ez dela gauza bat eta bakarra. Bizitzan 15 aldiz aldatu da bizitokiz, baina baita mutatu ere. Malgua baita; zurruntasunak ez ditu gustuko.

Gasteizen egin dugu hitzordua, iluntzean. Hala Bedi irratiaren alboan elkartu gara, mikrofono aurrean aritzen da eta, baita kamera aurrean ere. Emakume Migratu eta Arrazializatuen Sareko eta O no será / Edo ez da izango irratsaioko kidea da gasteiztarra. Badu komunikatzeko gaitasuna, baita komunitatean aritzekoa ere. 

Zer bide egin duzu bisexual izendatu arte?

Txikitan deskubritzen duzu gayak existitzen direla, gero lesbianak… Baina ez nuen erreferente bisexualik izan. Hedabideetan, zineman eta, bi aukera posible irudikatzen dira harremanetan: heterosexualak edo, gutxi batzuetan, homosexualak. Hala, bisexualitatea ez da nire iruditerian presente egon, 18 urte bete nituen arte. Izan ere, emantzipatu naizenetik, nire bide pertsonala eta nortasuna eraikitzen hasi naiz modu libre batean.

Irakatsi didate gizonak gustatu behar zaizkidala, eta, kasualitatez, ez zaizkit disgustatzen. Hasieran uste nuen irekia nintzela sexualitaterako, hau da, “neska horrekin sexua izango nuke” edo “heterosexuala naiz baina Rihannarekin liatuko nintzateke” [barreak]. Bisexual izendatu naiz jakin dudanean posible dela, eta ez dudala zertan enkajatu behar ohiko definizioetan. Batzuetan neronek eskatu diot karneta nire buruari: “Benetan sinesten dut bisexuala naizela?”

Alegia, jendartean bisexualitatea definitzeko dagoen modua oztopo bat izan da, ezta?

Bai. Nire prozesuek ez dute jarraitzen gizarteak marrazten duen bidea: bollera izateko edo bia izateko bete behar duzuna ez dut jarraitu. Esaterako, jendarte honek pisu handia ematen dio kopuruei: “Zenbat neskekin egon zara zure burua bisexual gisa definitzeko?” 

Oso lagungarria egin zait ulertzea erakarpen mota desberdinak daudela: sexuala, erromantikoa, platonikoa… Agian nerabezaroan ez zenuen erakarpen sexualik izan neska batekiko, baina bai platonikoa edo erromantikoa. Horrela izatekotan, ez zara bisexual okerragoa. Izan ere, sexu praktikarik izan ez duen jendeak, ez al du orientazio sexualik?

Oso txarto daramat besteek definitzea nor naizen, genero eta identitate sexualari dagokionez. Eta are gehiago ikustea nola aldatzen den naizen hori, nagoen jendearen arabera; ohartzen naiz haien begiradek eragin egiten dutela nigan, non kokatzen naizen… Esaterako, mutil batek neskak gustuko baldin baditu, nigan ikusiko ditu emakume izatearekin lotzen dituen ezaugarriak, eta horregatik sentituko du niganako erakarpena, baina horrek ez nau emakume bihurtzen.

Bisexualitateak eraman zaitu genero identitatea esploratzera?

Bai. Oso lotuta daude. Jendea sailkatzen dugu: gay-hetero-bisexuala eta emakume-gizon-ez binario. Baina ez dugu zertan izan behar A, B edo C; espektro zabal eta aldakor batean mugitu gaitezke. Aurten krisi existentzial ugari izan ditut. Ohartzen naiz bizitza igaro dudala nire buruarekiko pertzeptzio argi bat izan gabe. Eta denbora guztian leku berdinean ez kokatzeak nire burua baliogabetzera eraman nau. 

Nire buruarekin topo egiten ari naiz sexualitateari, generoari eta harremantzeko moduei dagokionez. Hiru aldagai horiek lotuta bizi ditut. Aurten esan dut: “Bale, ni ez naiz neska”. Orduan, adibidez, izenondoak aldatzeko proba egin dut, ikusteko ea nola sentitzen naizen. Hasieran neutroa artifiziala egin zait nigan, baina testuinguru jakin batzuetan femeninoak deserosotasuna eragiten dit, baldintzatzen duelako nola naizen irakurria eta tratatua. Azken boladan, saiatzen naiz genero markarik gabe komunikatzen, eta femeninoa zentzu desberdin batean erabiltzen, gay askok erabiltzen duten moduan. 

Gertuko jendea izan dut honi bueltak emateko. Diskurtso trans hegemonikoan identitatea disforiatik eraikitzen da, gorputza ukatzetik, berriro binarismora bueltatzeko: Atik Bra pasatzeko. Azken boladan, aldiz, ezagutu ditut pertsona ez binarioak genero euforia hartzen dutenak ardatz. Hau da: esleitutako generotik askatuko naiz, ez gaizki sentitzen naizelako, baizik eta ez-binarismoan askoz hobeto sentitzen naizelako: euforikoa! 

Joan-etorriko prozesua izan da? Hau da, ez-binarismoa esploratzeak eragina izan du zure identitate bisexualean? 

Bai, ez binarismoak nire bisexualitatea berretsi dit. Ulertu dut queer jendearekiko erakarpena badela aukera bat. Hau da, bisexualitatea izan daitekeela gizonak zein emakumeak desiratzea, baina posible dela ez desiratzea ez gizonak ezta emakumeak ere (jende queerra baizik) eta bisexuala izatea, berdin-berdin. 

Pertsona bat ezagutzen duzunean, genero rolek pisu handia daukate interakzioetan, gerturatzeko moduetan, baita sexu praktiketan ere. Horregatik, inportantea da niretzat malgutasunean bidaiatzea. (pertsona amorlibrense eta bisexuala bezala bizi izan dut ohikotasunez)

Mito bat da denok garela bisexualak…

Neurri batean, egia dela esango nuke, hau da, sexualitatea berez malgua dela eta uste baino bisexual gehiago daudela munduan. Pertsona bi asko ezkondu dira beste genero bateko jendearekin, eta bizimodu “heterosexuala” izateagatik, queer aldea ukatu zaie edo hori bizi gabe geratu dira.

Amorrua ematen dit gure identitatea serio hartzen ez duen jendeak. Esaterako, lagun emakume batek esan ohi dit: “Neskak gustuko ditut, baina soilik mozkortzen naizenean”. Ez erabili gu esperimentatzeko! Bestetik, uste dut, bisexualitatea hetero izatetik ulertu ohi dela. Alegia, emakumea baldin bazara eta bisexuala zarela esaten baldin baduzu, pentsatuko dute: “A, emakumeak ere gustuko ditu”. Hau da, heterosexualitatea ezartzen dizute; heterosexuala zara kontrakoa frogatzen den arte. Inork ez du pentsatuko: “Bollera da eta gizonak ere ditu gustuko”. 

Lesbianismo politikoaren arabera, askatasun bide bat da gizon heteroekin harremanak ez izatea. Autokritika falta zaio planteamendu horri?

Bai. Alde batetik, zein maskulinitate eredu nahi dugu eraiki? Generoa performatzeko aukera guztietatik, hori hartuko duzu? Alegia, tipo hetero basiko baten bertsio bolleroa izango zara? Bestetik, iruditzen zait diskurtso lesbianista horrek pisu gehiegi ematen diela gizonei: zergatik definitu behar naiz gizonekin dudan harreman sexualaren arabera? Nahiago dut safika hitza, lesbiana baino zabalagoa delako.

Orduan, nola azaldu bollera ez dela bide bakarra?

Ezagutzen ditut bollera politikoak diren bisexualak, eta haien hautua ulertzen dut: alegia, gizonekin lotura sexual edo erromantikorik ez izateko erabakia, zuriekin oheratu nahi ez diren pertsona arrazializatuak ulertzen ditudan bezala. Hautu horiek errespetatu behar ditugu, ikusgarri egin eta disidenteon artean pixkat fusionatu. Alegia, ni ez naiz bollera gisa identifikatzen, baina parte hartzen dut espazio bolleroetan, eta egiten ditut gauzak bollerekin. Nahiago nuke “bibollo” esango balute. Uste dut bidea dela feminismotik biolentziarik erreproduzitzen ez dituzten harremanak eraikitzera. 

Zer argudio emango zenuke lesbianismo politikoaren eztabaidan bisexualitatea aldarrikatzeko?

Bisexualitatea lagungarria izan daiteke generoekiko ikuspegia zabaltzeko, kontuan izanda transfobia oso presente dagoela LGTBI+ komunitatean ere. Esaterako, gay kulturan zentralitate handia ematen zaie zakilei, eta kultura lesbikoan aluei. Zer duzu gustuko orduan, mutilak ala zakilak? Neskak ala aluak? Ze ez da gauza berbera eta diskurtso genitalista horrek kalte egiten du. Erakarpena sentitzen duzunean, pertsona ikusten duzu, ez genitalak. Orduan, zergatik eragiten dizu hainbeste hankartekoak?

Demagun neska identifikatzen nintzenean ezagutu ninduzula, eta ez-binario edo gizon izendatzera pasatzen naizela. Jada ez nauzu gustuko izango? Zure lesbianismoaren konstituzioa hautsiko du nirekin egoteak? Lagundu dezakegu eskema horiek hausten, kuestionatzen…

Nola bizi izan duzu bifobia eta nola egiten diozu aurre?

Saiatzen naiz nire bisexualitatea serio hartzen duen jendearekin izaten harremanak, nire sexualitatea nirekin harremanak izateko arrazoia ez den horiekin. 

Batzuek jolas baten moduan ikusten dute, eta jarrera oso homofobo, bifobo eta transfoboak izaten dituzte. Ikusgarritasun eza ere badago. 

LGTBI mugimenduan, zer gertatzen da B horrekin? Aipatzeaz gain, lantzen da?

Azken boladan, Gasteizen, ez dut militatzen horrelako espazioetan. Aktibismoa egiteak asko nekatzen baitu; orduan, oreka bilatu nahian nabil. 

Dena den, uste dut ez duela horrenbesteko ikusgarritasunik, ezta pisurik ere. Birplanteatu egin behar da, hitz egin horretaz. Eta ez absentziatik, baizik eta aberastetik, elkarekintzatik. 

 

Nolakoa da zure giro queerra?

Lagun zuriren bat dut… (Barreak). Ba leku, kultura eta testuinguru desberdinetako peña da, arrazializatuak barne.

Eta kide queerrak dituzu militantzia antiarrazistan ere?

Bai, gehienak bisexualak dira. Dibertigarria da. Batzuetan konturatzen naiz ezin dudala jende queer arrazializatu gehiago ezagutu, Gasteizen ezagutzen ditudanak dagoeneko nire lagunak direlako! ¡Pero no de las que se besan! [Tokischaren Linda abestiari keinua]. Egia esan, gustorago sentitzen naiz espazio arrazializatuetan, nahiz eta queerrak ez izan, espazio queer zurietan baino. 

Aukera izan duzu familian armairutik ateratzeko?

Amarekin korapilatsua izan da bidea: hasteko, lesbiana naizela asumitu zuen, gizona ez zen pertsona batekin ezkontzeko asmoa nuenean. Alaba bat galdu zuela sentitu zuen. Gero, mutil batekin ateratzen nintzela esan nionean, heteroa izan nintzen berriro berarentzat. Dagoeneko ez nago mutil horrekin, (ez behintzat modu monogamo, normatibo eta konbentzional batean) baina nire amak ez daki. 

Erabaki dut oraingoz kaxoi hori ez zabaltzea. Nire ama Ginean bizi da, ez naiz berarekin bizi zortzi urte nituenetik, eta urteak pasatzen ditugu elkar ikusi gabe. Orduan, bizitza paraleloak ditut Gasteizen eta Ginean. Han biziko banintz, akaso aukera izango nuke nire burua azaltzeko; badago LGTBI jendea Ginean. Baina sare bat izan beharko nuke. LGTBI komunitatekoa izatea ez da delitua, baina legeak ez zaitu babesten maila instituzionalean, ezta gizarteak ere: indarkeria dago gizartean. Sexu identitateari lotutako prozesua han egin izan banu, desberdina izango litzateke nire migrazio esperientzia.

Armairutik ateratzeak badauka pribilegio puntu bat… 

Bai, presio handia dago gure jendartean armairutik ateratzeko, eta ez da kontuan hartzen badaudela ateratzen ez diren pertsonak, biziraupen hutsagatik. Espazio pribatuetan espresatzen dira modu librean, baina esparru publikoan haien buruak babestu behar dituzte ziur eta lasai bizitzeko. Hau ez da lehiaketa bat, eta ez dago esperientzia unibertsal bat, baldintza material oso desberdinak baizik.

Aurreiritzi arrazista da asumitzea Afrikako familia batek ez duela bere seme-alabaren sexu disidentzia onartuko? 

Bai, aurreiritzia da; nire kasuan betetzen da, baina afrikarrak izateagatik baino, oso kristauak direlako gertatzen da. Nire familiak uste du gaya izatea zurien gauza bat dela, baina nik badakit LGTBIfobia kolonialismoaren eta kristautasunaren fruitu bat dela. Pentsatzea pertsona beltz eta afrikarrak ezin dugula queer izan, bada guri gizatasuna kentzeko modu bat.

Nola lotzen duzu antikolonialismoa sexu askapenarekin?

Hasteko, patriarkatuak genero rol berdinak inposatzen ditu hemen eta han, baina performatzeko moduak aldatu egiten dira dira testuinguruaren arabera. Ginean poligamia zilegi da gizonentzat, ez ordea emakumeentzat. Hori izan da nire testuingurua, eta ulertu behar dut zein den horren jatorria. 

Deseraikitze eta dekolonizatze prozesuak batera bizi ditut nik; hau da, saiatzen naiz generoa ere nire belztasunetik eraikitzen. Lotura dago nire genero espresioaren eta nire gorputzaren artean, nire ilea eta belztasunaren artean… 

Desira dekolonizatzeko tailerrak antolatu dituzue. Nola dekolonizatu desira?

Ezin ditut nire desioak kontrolatu, baina kuestionatzen saiatu naiteke, eta haien jatorria arakatu. Horregatik, esan dezaket “me cago en los blancos y en los hombres”, eta aldi berean bikote harremana izan gizon zuri batekin. Gakoa ez da ezinbestez subjektu jakin batzuekin harremanik ez izatea, baizik eta kontziente izatea harremana nondik abiatzen den, nola ikusten nauzun… Modu horizontalean kokatzen zara edo salbatu egin nahi nauzu? Hori da niretzat inportanteena.