2023ko ZG/PRO WIPak gaur-gaurko bi eduki eskainiko ditu lehiaketarako proiektuak aurkezteko saioen aurretik.

Lehenik, DAMA ikus-entzunezko egileen eskubideen bilketan, kudeaketan eta banaketan espezializaturiko Espainiako erakundeak masterclass bat eskainiko du eskubideen kudeaketaren eta ekoizpen zinematografikoaren arteko harremanari buruz.

Bigarrenik, Euskal Herriko ikus-entzunezko garaikideetako sexu-, identitate- eta genero-identitateari buruzko lehen txostena aurkeztuko dugu. Zinegoak Elkarteak egin du txostena, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustapenerako Zuzendaritzak eskatuta, eta funtsezko tresna bat da ikus-entzunezkoetako LGTBIQ+ errepresentazioen diagnostiko errealista bat egiteko eta etorkizuneko garapenari begira jartzeko.

Hitzaldien ostean, ZG/PRO sarirako hautaturiko ekoizpen-proiektuak aurkeztuko dira, pitching formatuan. Zinema-sektoreko profesionalek osaturiko epaimahai batek emango du saria. Proiektuek musika-postprodukzioko sarian ere parte hartu ahalko dute; Music Library & SFX-k ematen du saria: AudioNetwork eta AltMusic katalogoetara sartzeko tarifa finko bat, 360º Acorde-ren musika-ikuskaritzako zerbitzuak, deskontuak musika komertzialen eskubideen negoziazio-karguetan, estudioak eta SFX hornidura. 2023ko ZG/PRO WIP epaimahaiak erabakiko du Music Library & SFX-ren saria (1.500 €)

Euskal Herriko ikus-entzunezko garaikideetako sexu-, identitate- eta genero-identitateari buruzko lehen txostena

Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdian aspalditik ari ginen saiatzen sexu-, identitate- eta genero-aniztasuna ikus-entzunezko ekoizpenetan nola adierazten den aztertzeko tresna bat garatzen, informazio zehatza eta sistematizatua lortzeko.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Departamentuaren ekimenez, lehen urratsa eman dugu Euskal Herriko ikus-entzunezkoetan aniztasuna nola adierazten den aztertzeko, genero-ikuspegitik eta begirada intersekzional batekin. Lehen argazki horri esker, beraz, aniztasuna Euskal Herriko ikus-entzunezkoetan nola islatzen den jasoko dugu.

Txostenean, 2020, 2021 eta 2022 urteak hartu ditugu kontuan, ahalik eta lagin zabalena izateko eta aldaketarako esparru bat zehazteko, eta orobat urterik urte errepresentazio hori nola aldatu den ikusteko.

Espero dugu tresna erabilgarria izatea erakunde, ekoiztetxe, ikus-entzunezko artista eta edukien ardura duten eta ikus-entzunezko ekoizpenean inplikatuta dauden eragile guztientzat, denon artean lor dezagun sexu-, identitate- eta genero-aniztasunari buruzko ikuspegi gero eta zehatzagoa eramatea ikus-entzunezko formatuetara, kontakizunetara, erreferentzietara eta subjektibitateetara.

Beraz, tresna honen aurkezpenera gonbidatzen zaituztegu. ZG/PRO jardunaldi profesionalen barruan aurkeztuko dugu, eta laister eskuragarri izango duzu gure webgunean ere.

Epaimahia

Izaskun Arandia

Zinema eta telebistako produkzioan ibilbide luzeduna, Arandiak Erresuma Batuko ikus-entzunezko enpresa ezagunetan lan egin zuen (TwoFour, Discovery Channel, BAFTA) IZAR Films ekoiztetxea sortu aurretik. 2012an Donostiako Zinemaldian estreinatu zen To Say Goodbye (Agur Esatea) bere lehen film luzea ekoiztu eta idatzi zuen.

2013tik Euskal Herrian, Izaskunek film laburrak ekoitzi eta zuzendu ditu eta guztira zazpi dokumental luze ekoitzi ditu, besteak beste Non dago Mikel? arrakastatsua. 2020an, eta Gehitu Elkartearekin elkarlanean, Ni naiz naizena websaila zuzendu zuen, lan honekin nazioarteko sari asko irabaziz.

Gaur egun Mondragon Unibertsitateko zinema irakasle lanetan ari da eta film luzeen zuzendari gisa bere debuta izan den My Way Out dokumentala estreinatu du 2023ko martxoaren 31n.

Ainhoa González Sanchiz

Europa Creativa Desk MEDIA Euskadiren bulegoko arduraduna. Europako nazioarteko merkatu garrantzitsuenetan hartu du parte, eta Euskal Herriko eta Europako zinema arloko profesionalen artean berrikuntzako tailerrak eta jardunaldiak antolatu ditu.

Priscila Robledo

2023ko urtarriletik, Milango MiX International LGTBIQ+ Film Festival eta Queer Culture jaialdiko zuzendari artistikoa da, eta 2018tik MiX Fest-entzat lan egiten du programatzaile, nazioarteko harremanen arduradun, babesle eta ekoizle gisa; Immaginaria zinema jaialdiko programatzaile gisa eta dokumentalen ekoizle gisa (La Bufera, 2019; Le ali non sono in vendita, 2021). Milano Film Networkseko industria tailerretan ere parte hartzen du. Zinemaldien munduan lan egiten ez duenean, iraunkortasun juridikoko aholkulari gisa jarduten da.

Peter Stephens

Music Library & SFXko kidea, editoreordea eta Espainiako ordezkari esklusiboa Audio Network ekoizpen-musikako katalogoan. Eskarmentu handia du proiektuen koordinatzaile gisa. Haren eginkizunik aipagarrienak hauek dira: kolaborazioen kudeaketa, ML&SFX/Acorderen (musika-ikuskaritzaren atala) parte-hartzea ekitaldietan eta AltMusic katalogoaren garapena. AltContent argitaletxe eta ekoiztetxearen bitartez, Izaskun Arandiaren My Way Out dokumentaleko ekoizlekidea izan da, zeina 2023ko martxoan estreinatu baitzen zineman.

Proiektuak

Zuz

Egoitz Arbiol Albeniz, Ibai Fresnedo

Eko

Hiruki Larroxa Kooperatiba

Armairutik plazara

Herriek historia dute. Historia partziala. LGTBIQ+ pertsonen historia ez baita herriaren herri-historiaren parte izan orain arte. Hernaniko LGTBIQ+ bizi-esperientzia duten pertsonen ahotsen bitartez, herriko disidentzia sexualen eta generikoen indarkeriak eta erresistentziak jasotzen ditu. Parte garen eta eraikitzen gaituen memoria kolektiboa zabalduz eta aitortuz.

Zuz

Diego A. Collat

Eko

Markel Ganboa Melero

Jaula de vapor

Gabon gaua. Ezusteko topaketa bat sauna gay batean. Lurrunen artean, desioak, festa, frustrazioak, sexu-grina, boterea eta beste hainbat kontu nahastuko dira. Bake eta seinale oneko gaua izango dena laster maitasunezko hiruki baten eszenatoki izango da, eta hiru protagonistetako inor ezingo da bertatik atera.

Zuz

Iván Aránega Tortosa

Eko

Iván Aránega Tortosa

Masculinidades encontradas

Munduko txoko ezberdinetako azoka zein zabortegietan aurkitutako argazkiekin eta gaur egungo istorioen bidez, Masculinidades encontradas-ek maskulinitateek maila sozial eta pertsonalean dituzten ondorioak ikertzen ditu.

Zuz

Sonia Martí Gallego

Eko

Gema Arquero

Maya

Mayak (26) bere neska-laguna Ruthi (23) bisita egingo dio Espainiako herri txiki batean. Joateko zorian dagoenean, ezusteko albiste bat jasotzen du: Ruth istripu batean hil da. Kolpe gogorrak eta senide ezezagunen aurrean neska lagun giri gisa aurkezteak eragiten dion antsiedadea medio, Ruth berri bat ezagutzen joango dela jabetuko da.

Zuz 

Irene Bailo Carramiñana

Eko 

José Alberto Andrés Lacasta – Du Cardelin; Odile Méndez-Bonito Magniez – Corpus Films

Queer-Me

2015eko udaran ospakizun asko izan genituen. Toulouseko etxe okupatu batean bizi nintzen hainbat lagunekin batera. TDB queer komunitatearentzat erreferente gisa funtzionatzen zuen etxe bat zen. Queer-Mek garai hartako euforia, nire eraldaketa prozesua eta bidai pertsonalari buruz hitz egiten du, nire bizitza eraldatuko zuen lekuaren inguruan.