Ana Jaka idazlea Andoainen jaio eta hazi zen. Nafarroako Unibertsitatean Kazetaritza ikasketak egin zituen eta, geroztik, Iruñean bizi da.
Gaztelaniazko poesia landuz hasi zen literatur munduan. Sole, zer duzu Sole? euskaraz idatzi zuen lehen narrazioak accesita lortu zuen Egile Berrientzako Literatur Lehiaketan (Iruñeko Udala), 2002an. 2014an Ez zen diruagatik, nobela argitaratu zuen Elkar argitaletxearekin. Ondoren, haurrentzat ere hasi zen idazten: Marimutila naiz eta zer?, “Ixon” eta Loaren inbasio isila liburuak argitaratuz. Aldi berean, Marimatrakak pertsonaien istorioak idazteari ekin zion Irria aldizkarian, eta, gero, hauen liburu-bilduma, Elkar argitaletxearen eskutik. Hezkuntza proiektuen sustapena du ogibide.
Lumatza talde lesbofeministan militatu du. Josune Ortiz militantzia kidearekin elkarrizketa aurkituko duzue webgune honetako “Bizipenak” atalean.
Lokaletik irtetzean,
azkenik bakarrik kale erdian,
ausartu dira.
Dagoneko ez dira
gelditzeko kapaz.
Ahoak elkartzen dituzten bakoitzean
auzoa garbitu behar dela
oihukatzen die tipo batek.
Hauteman ezin den modu batez
-besarkada estutuz, larritzerik gabe
begiratuz elkarri-
direnean bata bestearen
babes,
era honetan ere, intimitate
nahikoa daukate.
Neska hori du gustuko
eta gauzak aldatu egin dira.
Denek badakite
neskak gustuko dituela.
Neska horrek ere,
besoa heltzen dion neska eder horrek.
Eskuak nahasten,
ezpainak hurbiltzen ahal dituen
pentsatzen du. Beti du
pentsatzen,
ekintza aurreko erreflexua lez.
Baina agian gauzak
aldatuko dira, agian aldatzen
jarraituko dute
eta norbaitek mamu bat
ezabatuko du,
norbaitek,
beste behin.
Egun osoan hatz-koskorrak usaintzen…
Hortxe da, tolestura horiek,
malguki txikiak balira bezala,
gehiago harrapatzen dutelako agian
edo ez direlako
beste edozein gauza ukitzeko
bezain promiskuoak.
Hor irauten dute gutxienez
hurrengo egun batez
ia asmatutakoa den
memoria baino benetakoago
eta gozoago diren aztarnek.
Hori egiten ikusten banauzu
ez galdetu, orain badakizu:
horraino iritsi den atsegina eman dit
emakume batek.