Bev Ditsie aktibista, zinegilea, musikaria, aktorea eta telebista-ekoizlea da, Soweton jaioa, 1971n. Funtsezko eragile
bat izan da Hegoafrikako eta beste herrialde batzuetako LGTBIQ+ eskubideen defentsan, eta Hegoafrikako emakume beltz lesbianen artean beren identitatea publikoki adierazi zuten lehenbizikoetakoa izan zen, apartheidaren garaian.
Ausardia pertsonal handiko keinua izan zen, indarkeriak, kriminalizazioak eta bazterkeriak zeharkaturiko testuinguru batean, eta bideak ireki zizkien garai hartan isiltasunera kondenatuak ziren pertsona askori.
Haren lidergoa oso gaztea zela azaleratu zen: GLOW (Gay and Lesbian Organisation of the Witwaterswand) antolakundearen sortzaileetako bat izan zen, funtsezko eragile bat Hegoafrikako LGBTIQ+ mugimendua aurrera ateratzeko. Antolakunde hartan, borroka intersekzionala bultzatu zuen, apartheidaren aurkako erresistentzia emakume beltzen, queer identitateen
eta komunitate baztertuen defentsarekin uztartuz. 1990ean, Johannesburgeko lehen Harrotasun Martxaren buru izan zen; gertakizun historiko bat izan zen, ehunka lagun bildu eta aurrerago Afrikan eta munduan berdintasunaren alde antolatutako
mobilizazioei ateak ireki zizkiena.
1995ean, lehen emakume beltz lesbianetako bat izan zen NBEri argiro zuzendu zitzaiona Pekingo Emakumeen Mundu Konferentzian: mundu guztiko lesbianek sufritzen duten indarkeria, ikusezintasuna eta diskriminazioa salatu, eta LGBTIQ+ eskubideak giza eskubide unibertsaltzat aitortzea eskatu zuen. Haren hitzaldia mugarri bat izan zen sexu-dibertsitateen adierazpen politikoan. Ditsieren eragin politikoa erabakigarria izan zen Hegoafrika demokratikoki finkatzeko. Beste aktibista batzuekin batera, buru-belarri defendatu zuen 1996ko Konstituzioan sar zezatela sexu-orientazioagatiko diskriminazioaren aurrean babesa ematea, baita lortu ere: nazioartean sekula lortu gabeko aurrerapauso bat izan zen.
Horrez gain, 1998an sodomia-legeak despenalizatzea ekarri zuen gizarte-mugimenduan parte hartu zuen; mugimendu hari esker, herrialde berriko askatasun- eta eskubide-esparrua sendotu zen. Haren konpromiso sozialaren beste atal bat GIB/hiesaren aurkako borroka izan zen: kontzientziazio publikoa sustatu eta tratamendu antirretrobiralak aldarrikatu zituen, Hegoafrikarentzat zinez gogorrak ziren garaietan. Hiesaren gaiak toki nabarmena du Ditsieren nazioarteko lehen ikus-entzunezko lanean: Simon and I dokumentala (2002), Nicky Newmanekin batera zuzendua, funtsezko lan bat da Hegoafrikako queer aktibismoaren historia biltzeko eta Simon Nkoliri omen egiteko.
Horrez gain, musikan, dantzan eta zineman osatu du bere ibilbide artistikoa, diziplina horiek kultura-aldaketarako tresna gisa baliatuta eta betiere komunitatearen eta oroimenaren zerbitzura ipinita. Horren adibide dira The Commission – From Silence
to Resistance (2007) edo Lesbians Free Everyone – The Beijing Retrospective (2020), non 1995eko NBEko topaketaren testigantzak bildu zituen 25 urte geroago.
Bev Ditsieri ohorezko sari baten bidez aitortza egitea esparru normatiboak eraldatu eta legeak, kontzientziak eta iruditeria kolektiboak interpelatu dituen aitzindari baten aldarrikapena egitea da. Haren ibilbideak mina kemen bihurtzen du, bazterkeria itxaropen, oroimena etorkizun, eta erresistentziako, justizia sozialeko eta emantzipazioko ondare bizi bat eraikitzen jarraitzen du.