Amaia Agirre bertsolaria eta gai-jartzailea da, hezkuntza arautuan irakasle ari dena. Euskal Filologian lizentziatua da eta Hitzetik Hortzera telebista-programan erredaktore izan zen. Bollo bertso-saioetan parte hartzen du eta “Nola esan/izan bollera euskaraz” proiektuarekin kolaboratu du; 2021an Bilbon eta Ondarroan antolatutako aurkezpenetan abestu zuen, baita 2022an Zinegoakeko 3, 2, 1 programazioko solasaldi-errezitalean ere.
Señora sariketaren irabazle honek amatasun lesbikoen ikusgaitasuna bultzatzen du bere bertsolari zein komunikatzaile jardunean.
DOINUA: Nik zonbat pertsu alde
Lesbianaren izan
ta kategoria
Lesbos irlatik dator
etimologia
bizipen, ekintzez ta
hitzez eroria
Saforen oinordeko
ta alegoria
Lesbosek orain horren
arrotz du gloria
emazteen eskubide
denen hilobia.
Termino unibertsal
bada “lesbiana”
jolasaren hitz joko
dugu “lesbiama”;
hizkuntzak egin beza
askabide lana
histeriatik kanpo
historian barna
hitz orok izan dezan
hiztegian xarma
izanak izena ta
izenak izana.
Ahoa opilez ta
pikuz betetzea
ta norbere txirlako
azkura kentzea
nahiz euskal luma tinta
gorriz edertzea
sagua klikatzean
plazerrez lehertzea
nonahi joxe-joxepa
lez izenpentzea
zein ederra euskaraz
elkar ulertzea.
Arbasoen jakintza
da eskulangintza
nola barraskiloen
arrastoen ditxa
artaziez artea
erditzen gabiltza
lumatza koloretsuz
edertuz bizitza
andramina serora
muxuez zerbitza
galtzen dugunerako
armairuko giltza.
Esanahi erantsi ta
ezkorren gurpila
nor da mariokerra,
nor marimutila?
Nor da piper opila,
ta nor soropila?
Askoren ustez nahiz ta
izan zoro pila…
Norbera islatuko
duen hitzen bila
nahi duena sentitu
ta izan dadila.
Berrituz aberasten
da glosarioa
ta hankaz gora jarriz
presbiterioa
hau da gorputz anitzen
errosarioa
bollerismoa ja ez
da misterioa;
beraz alda dezagun
hitzen jarioa
ta hetero patriarka den
inbentarioa.