Indarkeria matxisten eta LGTBIQ+Fobikoen aurkako ZINEGOAK

ZINEGOAKek indarkeria matxisten, LGTBIQ+fobikoen eta giza eskubideak diskriminatzen edo urratzen dituen beste edozein jokabideren aurrean jarduteko eta prebenitzeko protokoloa aurkeztu du. Protokolo honen helburua, jaialdiko jarduera guztiak errespetuzko eta indarkeriarik gabeko ingurune batean garatzen direla bermatzea da.

Gure ustez, indarkeria matxistak eta LGTBIQ+fobikoak desberdintasunaren eta diskriminazioaren egiturazko adierazpena dira. Ondorioz, gure gain hartzen dugu horiei aurrea hartzeko eta ikuspegi feminista, intersekzionala eta komunitarioa erabiliz aurre egiteko erantzukizun kolektiboa.

Protokolo hau jaialdiari lotutako pertsona guztiei aplikatzen zaie, hau da, antolakuntzari, langileei, boluntarioei, artistei, zinemagileei, epaimahaiari, gonbidatuei, laguntzaileei, parte-hartzaileei, publikoari eta ZINEGOAKen jarduerak garatzen diren espazioetako langileei.

ZINEGOAK EZ DU ONARTZEN:

  • Gorroto- edo diskriminazio-diskurtsoak.
  • Hitzezko jazarpena, jazarpen fisikoa, psikologikoa edo sexuala.
  • Eraso sexistak, matxistak edo LGTBIQ+fobikoak.
  • Larderiak, mehatxuak edo botere-abusua.
  • Sexu-orientazioak, genero-identitateak edo -adierazpenak bultzatutako iruzkin, jokabide edo jarrera iraingarriak.
  • Jatorria, etnia, azalaren kolorea, nazionalitatea, erlijioa edo sinesmenak, gizarte-maila, adina, hizkuntza, dibertsitate funtzionala edo beste edozein egoera pertsonal edo kolektibo dela-eta diskriminatzen duten jokabideak.

ZINEGOAK KONPROMETITZEN DA:

  • Protokolo honen berri ematea jaialdiko parte-hartzaile eta laguntzaile guztiei.
  • Indarkeria- edo diskriminazio-egoerak kudeatzeko talde arduratsu bat izatea.
  • Kanal irisgarri eta seguruak ematea, edozein gertakari edo ondoez egoera talde antolatzaileari jakinarazteko.
  • Edozein eraso edo jokabide diskriminatzaileren aurrean berehala jardutea.
  • Eragindako pertsonen konfidentzialtasuna eta babesa bermatzea.
  • Birbiktimizazio-prozesuak saihestea eta beti errespetatzea eragindako pertsonaren denborak, erabakiak eta beharrak.
  • Erasoa jasan duten pertsonen segurtasuna eta ongizatea lehenestea.
  • Beharrezko neurriak hartzea erasoak jarraitzea edo erasotzailearekin kontaktua izatea eragozteko.

ZINEGOAKek kultura topagune, eraldaketa sozial eta giza eskubideen defentsarako gune gisa ulertzen du. Horregatik, jaialdian parte hartzen duten pertsona guztiek espazio seguruak, indarkeriarik gabekoak eta aniztasuna errespetatzen dutenak sortzen laguntzeko erantzukizuna dute. Baldintzak betetzen ez badira, antolatzaileek eskubidea izango dute parte hartzen duten pertsonei jaialdiko jardueretarako sarbidea eta parte-hartzea mugatzeko, eteteko edo ukatzeko.