Zinegoak programa más de 50 actividades para reivindicar la comunidad y la figura del monstruo como espacios de resistencia colectiva en su 23ª edición

Zinegoakek 23. edizioaren programazio ofiziala eta nobedade nagusiak aurkeztu ditu gaur. Bilboko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia ekainaren 22tik 29ra egingo da. Aurten ere, kultura eta aniztasun sexuala, identitatea eta generoarekin lotutako berrogeita hamar jarduera baino gehiago egingo dira Bilbon. Proiekzioak, solasaldiak, eztabaidak, antzezlanak, kontzertuak, jardunaldi profesionalak, masterclasseak eta jaiak biltzen ditu egitarauak.

Guztiak Bilboko kultur gune nagusietan izango dira, besteak beste, Golem Alhondiga, Azkuna Zentroa, Bilborock, Arriaga Antzokia, Guggenheim Museoa, BBK Aretoa, Pabellón 6, FAS Zinekluba, Bira Kultur Gunea, Sarean eta La Sinsorga. Beraz, Bizkaiko hiriburuak hamar egun baino gehiago biziko ditu aldarrikapen, aniztasun, kultura eta zinemaz gainezka.

Gaur Azkuna Zentroan egindako aurkezpen prentsaurrekoan, Zinegoakeko zuzendariak, Alaitz Arenzana, 23. edizioaren berrikuntza nagusiak azaldu ditu: “begirada jarri nahi dugu bitxitasunean eta munstroaren irudian, arautik ateratzen den guztiaren metafora gisa. Horregatik, aurtengo leloa Piztu piztia da, jaialdia gure alderik libre eta basatiena esnatzeko indar eta desio gune bihurtzeko gonbidapena izatea nahi dugu . Alderik basatiena sarritan zapaldu ohi da eta arrotz, gogaikarri eta deseroso gisa aurkezten da“. Aurtengo kartela, Jules Mamonek egina, ideia horren isla garbia da.

SAIL OFIZIALA: FIK, DOK ETA KRAK

Sail Ofizialak berrogei film baino gehiago izango ditu, film luzeen eta laburren artean.

Film luzeen Sail Ofizialean hamabost film lehiatuko dira ohiko hiru kategoriatan: FIK, DOK eta KRAK. Guztiak hamabost herrialdetatik datoz, Iran, Hego Korea, Herbehereak, Suedia, Eslovenia, Ipar Mazedonia, Mexiko eta Alemania, besteak beste.

Horietako bost estatuko estreinaldiak dira: Niñxs, Bearcave, How to live, The Dads, The Passion According to G.H.B.

Arenzanak azpimarratu duenez, “Sail Ofizialeko film luze gehienak opera primak dira, eta beraz, erakusketa zirkuituetan sartzeko zailtasun gehiago izaten dituzten sortzaile berriei lekua irekitzearen aldeko apustua da“.

Era berean, aurtengo programazioaren gune tematikoetako bat lehenengo aldien ingurukoa da: desioaren esnatzea, identitatearen aurkikuntza eta lehen esperientzia afektiboak. Hainbat filmek prozesu horiek esploratzen dituzte, munduan beren lekua bilatzen duten eta beren nortasuna ezarritako arauetatik at eraikitzen duten gazteengan fokua jarriz.

Hurrengoak horren adibide dira:

  • 3670, non Ipar Koreako gazte batek Seulera ihes egiten duen bere bizitza berreraikitzeko asmoz eta den bezalakoa izaten saiatzeko.
  • The Crowd film irandarrak festa bat ospatu nahi duen lagun talde queer bati buruz hitz egiten digu, baita hori gauzatzeko aurkitzen dituzten konplexutasunei buruz ere. Sahand Kabiri zuzendaria proiekzioan egongo da.
  • Summer ‘s Camera filmean, ikastetxeko ikaskide batekin maitemintzen den protagonistaren lehen maitasuna erakusten da.
  • Eta Skiff zinta belgikarrak ez-bitarra den nerabe baten desioaren esnatzearen istorioa kontatzen digu.

Film hauetako talde artistiko eta protagonistetako batzuk proiekzioekin batera beren lanak aurkeztuko dituzte, eta publikoarekin topaketetan parte hartu. Sail Ofizialeko film guztiek hainbat sari eskuratzeko aukera izango dute, horien artean, EITBk babestutako Zinegoak Sari Nagusia.

FILM LABURRAK

BEGIRADAK Film Laburren Sail Ofiziala hamaika herrialdetako 28 lanek osatuko dute, besteak beste, Argentina, Belgika, Kanbodia, Kanada eta Txinakoak. ‘Haurtzaroa eta nerabezaroa’ eta ‘Emakume zuzendariak’ ohiko zikloez gain, Zinegoaken edizio honek bi ziklo berri izango ditu: ‘Deslotu begiradak’ eta ‘Piztu piztia!’. Honez gain, aurreko edizioetan zegoen ‘TBIQ’ zikloa ere berreskuratuko dugu. Lehenengoaren bidez, egunerokoa eta desberdina ulertzeko beste modu batzuk aztertu ahal izango ditugu; ‘TBIQ’ -en, LGTBIQ+ kolektiboaren barruan ikusgarritasun gutxiago duten errealitateen istorioak azpimarratuko ditugu, eta, azkenik, ‘Piztu Piztia!’-n unibertso propioak sortzean araudia zalantzan jartzen duten protagonistengana hurbilduko gara.

Aurten ere, Zinegoakek tokiko ekoizpenarekin duen konpromisoari eusten dio ERROAK Euskal Panorama sailaren bitartez, sexu eta genero aniztasunarekin zerikusia duten gaiak lantzen dituen euskal zinemari bultzada eta ikusgarritasuna emateko pentsatua.

Aurten bost titulu izango ditu:

  • Lamietxe, Eneko López de Luzuriaga.
  • Los vinilos, Guillén Palacín Español.
  • Ultravioleta, Nagore Alonso Pérez.
  • Ultramarino, Maren Zubeldia.
  • Maruxak, Iker Pérez.

HASIERA ETA AMAIERA EKITALDIAK

Jaialdia ekainaren 22an hasiko da, 19:30ean, Arriaga Antzokian egingo den Inaugurazio Galarekin (gonbidapenak antzokiaren webgunean eskura daitezke). Nerea Arriolak eta Kepa Errastik aurkeztuko dute ekitaldia, eta Aissa Intxausti bertsolariak eta Jimena Amarillo musikariak parte hartuko dute bertan. Era berean, Bev Ditsie zinegile eta Hegoafrikako LGBTIQ+ eskubideen aldeko borrokan erreferentea denak jasoko du Zinegoak 2026 Ohorezko Saria, ikus-entzunezko sortzaileen eskubideak kudeatzen dituen DAMA erakundeak babestua.

Jaialdiak, gainera, Bev Ditsieren filmografiari buruzko atzera begirako bat antolatu du bere ibilbideko funtsezko bi filmekin: Lesbians Free Everyone – The Beijing Retrospective (ekainaren 21ean, 18:30ean, Bilborocken) eta Simon and I (ekainaren 23an, 18:00etan, Golem zinemetan).

Irekiera ekitaldiaren ondoren, Kani Lapuertak zuzendutako Niñxs filmaren estatu mailako estreinaldia izango dugu. Karla hamabost urteko nerabearen istorioa kontatzen du filmak. Lanak trans haurtzaroa eta nerabezaroa ikuspegi positibo eta hurbiletik jorratzen ditu, zinema garaikidean oso ohikoa ez dena

Jaialdiaren amaiera ekitaldia ekainaren 29an izango da Bilborocken eta Irantzu Varelak eta Unai Izquierdok aurkeztuko dute. Ekitaldian zehar 23. edizioaren palmaresa ezagutzera emango da eta EITBk babestutako Zinegoak Sari Nagusia irabazi duen filma proiektatuko da.

3,2,1… ZINEGOAK

Ekainaren 15etik 21era, jaialdia ofizialki hasi baino lehen, 3, 2, 1… Zinegoak! egitarauaren barnean, Bilboko hainbat espaziotan proiekzioak, topaketak, arte eszenikoak eta kultur jarduerak izango dira.

Programazioari ekainaren 15ean emango zaio hasiera La Sinsorgan, ZGazte, Zinegoakeko gazte programaziorako gune berriaren eskutik. Lehen jarduera, film laburren proiekzioa, fanzine tailerra eta kontzertuak izango dituen “Zinetupper” bat izango da.

Ekainaren 16an, Jaume Claret Muxart zuzendariaren Estrany Riu filma proiektatuko da Cineclub FASen. Hurrengo egunean, ekainaren 17an, Zine de Barriorekin lankidetzan, Sarean-ek Queer Me filma proiektatuko du, Irene Bailó Carramiñana zuzendaria bertan dela.

Ekainaren 18an, Pabellón 6-eko Gazte Konpainiak Muro de piedra aurkeztuko du, Torremolinoseko Begoña Pasabidean girotutako obra, errepresio frankista betean askatasunerako eta aniztasunerako babesleku bihurtu zen espazioa.

Ekainaren 19an, ostirala, Guggenheim Bilbao Museoak bultzatutako TopARTEren esparruan, Berlinalen Teddy Award saria irabazi zuen Lesbian Space Princess animaziozko filmaz gozatu ahal izango dugu.

Larunbata, ekainak 20, egun osoa jardueraz beteta etorriko da. 12:00etan, BBK Aretoan, Soy una Pringada-k Hedwig and the Angry Inch filmari eskainitako Cine para perdedores saioa ekarriko du lehen aldiz Bilbora. 17:00etan Bira Kulturgunean EHGAMek proposatutako Berreskuratu harrotasuna proiekzioa eta Harrotasunaren zentzu politiko eta aldarrikatzailea berreskuratzeko premiaz hausnartzeko mahai-ingurua izango dira. Amaitzeko, 19:30ean Bilborocken RRR! Rebeldías, Relatos y Ritmos LA SINSORRR!GA jardunaldia ospatuko da Barjaula Travestiren performancea, Nizeren kontzertua eta Dj Siwanabaren musika saioa barne. Azkenik, hilaren 21ean, igandea, Bilborocken, Bev Ditsie aurtengo Ohorezko Saridunaren filmetako bat ezagutzeko aukera izango dugu, bai eta Ditsieren ibilbideaz sakontzeko Irantzu Varelak eta biek izango duten solasaldian.

Proiekzioez gain, Zinegoakek arte eszenikoen eta beste formatu batzuen aldeko apustua egingo du berriro. Azkuna Zentroarekin lankidetzan, larunbatean, hilak 27, 12:30ean, Bilbon lehen aldiz Sabor a queer bideo-podcasta izango da, David Velduquek zuzendua, eta honako hauek hartuko dute parte: Mia Skylar, trans idazle eta aktibista; Irantzu Varela, komunikatzaile eta aktibista transfeminista; eta Las Fellini, kabaret komiko eta performance konpainia bilbotarra, tokiko queer eszenaren erreferentea 90eko hamarkadaren amaieratik.

Ekainaren 28an, Getxo Kulturak antolatuta, Zum Zum Teatreren Munstro Arrosa antzezlana izango da Getxoko Muxikebarri kulturgunean. 

ZG PRO – INDUSTRIA

ZG PRO espazio profesional bat da Zinegoaken barruan, LGTBIQ+ ikus entzunezko ekoizpenaren inguruko berrikuntza, ikerketa eta prestakuntza ardatz dituena. Aurten bi egunetan egingo da, Azkuna Zentroan: ekainaren 25ean, ZG PRO Master class-a izango da, ikus-entzunezko eta kultura-arloko profesionalen hitzaldiak barne; eta, ekainaren 26an, ZG PRO LAB, non proiektuen pitching-a, hitzaldi espezializatuak eta one to one topaketak egingo diren. 

Jardunaldi hauetan hainbat profesionalek parte hartuko dute, besteak beste, June Fernández, Oier Zuñiga eta Joseba Olagarai adituek Euskal Herriko LGTBIQ+ memoria landuko dute; Jacqueline Nsiah eta Ana David Berlinaleko programatzaileek jaialdietan ikuspegi politikoarekin programatzeari buruzko hausnarketa egingo dute. Halaber, Lucia Egaña, Fer Rivas, Isabel Cadenas Cañón eta Julia Martos bestetasuna gaur egungo zineman irudikatzeaz arituko dira.

Nobedade gisa, aurten ZG PROk 3.000 euroko saria dakar ZG PRO Laborategia Sariarekin, Triodos Banken babespean. Edizio honi Neurads Saria ere gehitu behar zaio, queer ikuspegia duten proiektu zinematografikoak garatzeko zazpi aholkularitza eskainiko dituena.

ZG PROko jarduera guztiak publikoari irekiak dira, baina arreta berezia eskaintzen zaie sektoreko profesionalei eta LGTBIQ+ kulturari lotutako industria zinematografikoan interesa duten ikasleei. 

ZG HEDAPENA

Azkenik, aurten ere Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat herritara hedatzen jarraituko du Zinegoakek. Edizio honetan, 50 udalerri inguruk parte hartuko dute ZG Hedapena programan. 

Azpimarratzekoa da, lehenbiziko aldiz, programan parte hartzen duten lanak ZG Hedapena saria irabazteko hautagai izango direla. Saria 800 eurokoa izango da, eta Euskal Herriko ingurune ez urbanoetako hiru pertsonak osatutako epaimahaiak emango du.

Jaialdiak, gainera, EITBren Primeran plataformaren leiho digitalean jarraituko du. Bertan, aurreko edizioetan parte hartu duten filmetako batzuk egongo dira ikusgai, baita sexu aniztasunarekin, identitatearekin eta generoarekin lotutako ikus-entzunezko beste eduki batzuk ere.

Zinegoak Berdindu (LGTBI pertsonei arreta emateko Eusko Jaurlaritzaren zerbitzua), Bizkaiko Foru Aldundia, EITB eta DAMA erakundeen babesarekin egiten da. Halaber, Bilboko Udala, Eusko Jaurlaritza, ICCA, Primeran, Espainiako Kultura Nazioartekotzeko Programa (PICE) Acción Cultural Española (AC/E), Triodos Bank, Azkuna Zentroa, Zinebi eta Neurads erakundeekin lankidetzan dihardu. Gainera, jaialdia egitea ahalbidetzen duten erakunde, kolektibo eta elkarte ugariren babesa ere badu.

Zinegoak programaren egitarau osoa www.zinegoak.com webgunean kontsulta daiteke.