Hemen da ZG Hedapena 2026

ZG Hedapenak Zinegoak Jaialdian parte hartzen duten film eta film laburrak eramango ditu aurten ere Euskal Herriko 40 herri baino gehiagotara, maiatzetik uztailera. Guztira, 60 saio inguru egingo dira jatorrizko bertsioan, euskaraz eta gaztelaniaz azpititulatuta. Horietako asko dinamizatuta daude. 

Udalerriaren arabera, Jota Munen ‘Between Goodbyes’ dokumentala ikusi ahal izango da 一 EITBk babestutako Zinegoak 2025 Sari Nagusia irabazi zuena 一 non Europan adoptatutako queer pertsona batek Koreako jaioterrira egindako bidaia erakusten den. Bestalde, ‘Avenida Beira-Mar’ Maju de Paivak eta Bernardo Florimek zuzendutako filmak, trans haurren adiskidetasunean murgiltzen da.

ZG Hedapena programarako hautatutako film laburrak hauek dira: Kun Sun-en ‘The Wind In Ash’, Wang Han-Xuanen ‘Delay”, Alba Cross Pellisé-ren “Ferides’, Alice Siniscalchiren ‘This Feminine Side’, Christophe Gomesen ‘Seuls les poissons morts suivent le courant’ eta, azkenik, Maren Zubeldia eta Silvina Guglielmottiren ‘Ultramarino’.

Egitasmo hau 2005ean jaio zen helburu zehatz batekin, hau da, jaialdian ikusgai ditugun LGTBIQ+ edukia duten filmak herri txikietara eramatea. Izan ere, gaur gaurkoz oraindik zaila da horrelako gaiak lantzen dituzten ikusentzunezko lanka topatzea hainbat herritan. Geroztik, Euskal Herriko 90 herri baino gehiagotara iritsi da, bai elkar topatzeko, bai eztabaida sustatzeko guneak sortunda. Horrez gain, Zinegoak Elkartearen ezinbesteko tresna da ikusgarritasuna lantzeko eta LGTBIQ+fobiari aurre egiteko. 

ZG Hedapena Berdindu! zerbitzuari esker (Eusko Jaurlaritzako LGTBIQ+ Arreta eta Informazio Zerbitzua) egindako jarduera da. Zinegoaketik eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartu duten udal eta elkarteei euren maitasuna eta konfiantzagatik.

Etxetik gertu zineaz eta aniztasunaz gozatzeko aukera izan dezazuela opa dizuegu.